‘Udal eraikinak 100 urte’ hitzaldia emango du Juantxo Unanuak
Beasaingo udal erakinaren eta haren inguruaren garapenaz mintzatuko da Unanua, udaletxearen 100 urteak beteko direla-eta. Asteazkenean izango da hitzordua, 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.
Udaletxearen mendeurrenaren harira, Udal eraikina 100 urte hitzaldia izango da asteazkenean, 19:00etan hasita, udaletxeko batzar areto nagusian. Urriaren 26an izango da urteurrena. Juantxo Unanua izango da hizlaria, eta Xabier Garmendiak egingo du euskarazko itzulpena.
Historia eta tokiko informazioaren zaletu amorratua, El Diario Vasco egunkariarentzat lan egin zuen Unanuak Beasaingo kronika egiten 33 urtez. Zeregin horretan jardun zuen urte luzeetan. Beasaingo gai desberdinen inguruan ehunka albiste, elkarrizketa eta erreportaje argitaratu zituen.
1999 urtean, Beasaingo udal eraikinak 75 urte bete zituenean erreportaje zabala idatzi zuen herriko kronista izandakoak. «Dokumentazio lan handia egin nuen erreportajea osatzeko, artxiboan bilatu nituen akta desberdinetatik tiraka, eta gordeta nuen guztia».
Egun ezagutzen den eraikinaren aurretik zeuden eraikinen inguruko informazioa, duela 100 urte udaletxearen inguruan zer zegoen, urteetan eremu horrek jasan duen itxura aldaketa, eraikin berria egiteko prozesuaren eta proiektuaren inguruko xehetasunak… Informazio asko jaso zuen ordu askoko lanari esker.
Mesedea itzuli
Orain, aurrez egindako lan hori guztia herritarrekin partekatuko du. «Gai desberdinen inguruan informazioa jasotzeko udaletxeko atea hainbestetan jo eta gero, ezin nion gonbitari ezetz esan. Herritik jasotakoa itzultzeko modua izango da», aitortu du. Hitzaldia, garai desberdinetako argazkiekin jantziko du.