Ander Deunaren jaiak prestatzen hasita daude ormaiztegiarrak
Martxan da jaien egitarauko portada lehiaketa. Azaro hasieran hasiko dituzte danborraden entseguak. Festen antolaketan sakontzeko jai batzordearen bilera deitu dute astearterako.
Azaroaren 22tik abenduaren 1era ospatuko dituzte aurten Ander Deunaren jaiak Ormaiztegin. Jaietarako hilabete eskasera hasita daude jada antolaketa lanetan. Are, jaiekin zerikusia daukaten hainbat deialdi ere eginak ditu Ormaiztegiko Udalak, jaietako egitarauaren portada aukeratzeko lehiaketarena, adibidez.
Urtero bezala, jaietako egitarauaren portada lehiaketa bidez aukeratuko du Ormaiztegiko Udalak. Parte hartzeko Ormaiztegin, Gabirian, Ezkion edo Itsason jaio, bizi edo erroldatuta egotea beharrezkoa da. Egile bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanak urriaren 31ko 14:30ak baino lehen entregatu beharko dira udaletxean. Lehiaketarako oinarriak Ormaiztegiko Udalaren web gunean daude ikusgai. Epaimahaiaren erabakia sari banaketa egunean bertan jakinaraziko da —azaroak 6—.
Jaietako egitaraua oraindik publiko egin ez badute ere, danborradarik ez da faltako aurtengo Ander Deunaren jaietan. Haurren danborrada azaroaren 24an izango da eta helduena, aldiz, azaroaren 29an.
Danborradako entseguak
Aurretik, entseatzea beharrezkoa da ordea eta horregatik, entseguetarako datak zehaztu dituzte dagoeneko. Haurren danborradarako entseguak azaroaren 6an, 8an, 13an, 15ean eta 20an —asteazkenak eta ostiralak— izango dira Karramarro elkartean, 19:15ean. Helduenak egun beretan izango dira —baita azaroaren 27an ere—, haurrenak amaitu eta segituan, 20:15ean hasita.
Helduen, zein haurren danborradetan parte hartzeko izen ematea entsegu egunetan bertan egingo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, derrigorrezkoa da makilak eta gerrikoa entseguetara eramatea.
Datorren astean, urriak 29an jai batzordearen bilera berri bat ere deitu du udalak, Ander Deunaren jaiak antolatzen jarraitzeko. Batzordearen hirugarren bilera izango da. Herriko kirol, kultur eta bestelako elkarteak, norbanakoak eta herritarrak daude bilerara gonbidatuta. Gizarte etxean egin dute hitzordua, 18:00etan.