Ataungo mondejua egiten ikasteko ikastaroa izango da larunbatean
Pili Barandiaran ataundarrak emango du, Aizkoate sozidadean, Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta. Izena emateko epea gaur, asteartea, itxiko da.
Pili Barandiaran ataundarrak bertako tradizioko mondeju beltza egiten irakasteko ikastaroa emango du, larunbatean (urriak 26), Ataunen. Jentilbaratza kultur elkarteak antolatu du ikastaroa, transmisioa ziurtatzeko eta belaunaldi berriek ere hestebete hori prestatzen eta egiten ikas dezaten errazteko.
Ikastaroa Aizkoate soziedadean izango da, San Martin auzoan, 11:00etatik 13:00etara. Izena eman behar da aurrez (616 37 59 83). Gaur, asteartea, da azkeneko eguna.
San Martin jaietan mondeju lehiaketa herrikoia egingo dute. “Garaiak aldatu egin dira, eta janari horren elaborazioa erakutsi, suspertu eta zabaldu nahian, antolatzen dira bai ikastaroa eta bai Lehiaketa San Martingo Jaietan. Transmisioaren garrantzia funtsezkoa izanik, gazteria eta baserri girokoa ez den jendea ere tradiziozko langintza hau ikastera eta gerturatzea derrigorrezkoa dugu gorde nahi badugu”, azaldu dute Jentilbaratza elkartekoek.