Goierri Gorrik maila guztietan izango ditu taldeak 2024-2025 denboraldian
Nesken futboleko eskualdeko egitura sendoa izango du aurten ere klubak. Guztira, 20 talde eta 300 jokalari baino gehiago dauzka.
Goierri Gorri futbol klubak ostiralean egin zuen 2024-2025 denboraldiaren aurkezpen ofiziala, Lazkaoko plazan. Egitura osatzen duten talde guztiak, zuzendaritza batzordea eta teknikarien lantaldea aurkeztu zituzten jendaurrean. Denera, 20 talde eta 327 jokalari ditu Goierri Gorrik. Benjaminetako taldea ere aterata, maila guztietan izango du ordezkaritza.
Denboraldia jada hasita daukate, maila gehienetan. “Urtero bezala, ilusioarekin hasi gara”, azaldu du Goierri Gorriren lehendakari Jose Ignacio Lasak. “Talde bakoitzak bere helburuak dauzka kirol arloan, baina Zuzendaritzatik jartzen diegun helburua da lehiatuz goza dezatela, eta irabazten bada, hobeto”.
Futbol Eskola eta alebinak aste honetan hasiko da funtzionamenduan, eta talde guztiak martxan jarriko dira horrenbestez. “Egitura guztia, bai Futbol Eskolako benjaminetatik hasi eta Ohorezko Erregionaletara arte, eskailera dena osatuta daukagu”.
Berritasuna, benjaminetatik taldea da. “Normalean alebinetan hasten dira jokalariak, eta aurten benjaminetan hasi dira. Hori pozgarria da. Infantiletan ere beste talde bat gehiago sortu da, eta hazten ari gara. Gure baloreak apaltasuna, elkarlanean saiatzea eta errespetua dira. Besterik ez. Teknikariek bere helburuak jarrita dauzkate; goiko taldeak poliki hasi dira, eta agian sorpresaren bat edukiko dugu aurten. Ea gai garen datorren urtean Euskadi mailan lehiatzeko”, esan du Lasak, Goierri Telebistari egindako adierazpenetan.