Irizar i3 ibilgailu elektriko berria aurkeztu dute Madrilen
Ifemako Nazioarteko Azokan egin du Irizar Taldeak II. klaseko ibilgailu berriaren aurkezpena. Ibilgailu integralen belaunaldi berria ere plazaratu du.
Irizar Taldeak FIAA Nazioarteko Azokan, Madrilen, II klaseko Irizar i3 ibilgailu elektriko berria aurkeztu du. Aurkezpena 13:00etan egin da gaurIfema erakustazokako P10 Halleko 10C11 zenbakiko standean, eta bertan izan dira Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa; Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroa; eta Rebeca Torró Industriako Estatu Idazkaria.
Haiekin batera, Madrilgo Erkidegoko Etxebizitza, Garraio eta Azpiegitura sailburu Jorge Rodrigo; Madrilgo Garraio Publiko Erregularren Eskualdeko Partzuergoko zuzendari gerente Pablo Rodríguez eta IFEMAko zuzendari orokor Eduardo López-Puertas izan dira. Gainera, Mugikortasun Jasangarriko eta Bide Azpiegituretako Arabako diputatu Jon Nogales, Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez eta Antonio Jaraices, Bizkaiko Garraio Zuzendari Nagusia izan dira aurkezpenean, besteak beste.
Lau ibilgailu berri erakusgai
Gaurtik ostiralera egingo den azokan, Irizarrek eta Irizar e-mobilityk azken belaunaldiko lau Irizar ibilgailu erakutsiko dituzte: II. klaseko Irizar i3 elektriko berria, belaunaldi berriko Irizar i6S Efficient unitate bat, Hidrogenozko Irizar i6S Efficient unitate bat eta Irizar ie tram hiri ibilgailu elektrikoaren unitate bat.
Distantzia ertaineko Irizar i3 low entry elektriko berriak “diseinu erabat berritua” du, Irizar Taldearen esanetan: “Ibilgailu isila eta zero emisiokoa, Irizar ibilgailu jasangarrien Efficient gama berria handitzen duena. Zero emisioko garraio konektatuaren deskarbonizaziorako eta jasangarritasunerako bidean aurrera egiteko Irizar Taldearen apustu handiaren adibide da. Ekimen honek garraio sektorearen eraldaketarekin taldeak duen konpromisoa erakusten du, emisioak murrizteko eta mugikortasun soluzio garbi eta jasangarriagoak sortzeko xede globalekin lerrokatuz”.
Erakusgai dauden gainerako ibilgailu guztiek ere “berrikuntza garrantzitsuak” dituzte teknologiari, diseinuari, jasangarritasunari eta kontsumoen murrizketari dagokienez. “Irizar txasis integralaren belaunaldi berria duten ibilgailu gama aurkezten dugu, arinagoa, erosoagoa eta kontsumoaren % 5eko murrizketarekin. Gainera, merkatuko segurtasun eta zibersegurtasun sistema zorrotzenak dituzte, gidari postua hobetuta, erloju koadroaren birdiseinua, pisu murrizketak eta kontsumo eta emisio hobekuntzak barne hartzen dituena. Era berean, eta Busworld 2023an aurkeztu ondoren, hidrogeno bidez propultsatutako Irizar i6S Efficient erakutsiko dugu lehen aldiz estatuan”.
Lankidetza publiko-pribatua
Proiektua garatu ahal izateko ankidetza publiko-pribatua “funtsezkoa” izan dela adierazi du Irizar taldeak, eta “aipamen berezia” egin dio Industria eta Turismo Ministerioari eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari. “Izan ere, Next Generation EU funtsekin batera, Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren Berreskurapen eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoen (PERTE) barruan, Capital proiektuaren bidez, eta Moves Singulares 2 programaren bidez, IDAEren bidez kudeatuta, proiektu berritzaile garrantzitsu horren garapena sustatu eta bizkortu dute”.