Jaietan gertaturiko eraso matxista bat salatu dute Zaldibian
Urriaren 12tik 13rako goizaldean izan zen gertakaria, taberna bateko komunetako ilaran.
Zaldibiako Aske talde feministak eta udalak urriaren 12tik 13rako goizaldean gertaturiko “eraso matxista bat” gaitzetsi dute, atzo ohar bat argitaratuta. Festetako azken gauean –Kuadrillen Eguna ospatu zuten larunbat hartan–, goizeko laurak aldera taberna bateko komunetako ilaran izan zen salatutako gertakaria.
“Komunera sartzeko ilaran ispilu parean zain zegoen herriko emakume bat. Alboan, herrikoa ez zen gizonezko bat zegoen zain, beragandik metro erdira. Eta kanpoan ilaran beste lauzpabost gizonezko, haiek ere komunera sartzeko zain. Halako batean, emakumearen ondoan zegoen gizonezkoak zakila atera zuen eta horrelaxe egon zen gutxienez bi minutu luzez ispiluan begira. Bitartean ilaran zeuden gizonezkoen barre algara eta konplizitate komentarioak ez ziren falta izan, emakumea isilik, deseroso, egon zen bitartean”, azaldu dute talde feministak eta udalak.
Halako gertakarien aurrean, “kezka eta haserrea” adierazi dituzte. “Ez dira anekdotak egunero pairatzen ditugun erasoak; ez dira kasu bakanak. Badirudi gure herrian ere emakumeok ezin dugula parrandan lasai atera. Beldurrean hezten gaituzte, beldurrez bizi behar dugula sentiarazten digute, kalean non, noiz eta norekin egon gaitezkeen ondo pentsatzeraino”.
Halako egoerak salatzea eta era kolektiboan erantzutea “funtsezkoa” dela gehitu dute eragileek. “Eraso matxistak, edozein mailatakoak izanda ere, ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu; indarkeria hau sistema patriarkalaren ondorioetako bat da, helburu zehatz batekin: emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzea”.