Hamasei aldiz Eitzan gora bizikletan
Eitza mendatea Goierriko txirrindularien mendate gorrotatauena da, seguru aski. Ekainean Zumarragako txirrindulari batek zortzi aldiz jarraian igo zuen. Bere bizilagun batek hamasei aldiz igo zuen irailean. Bere asmoa 23 aldiz igotzea da (100 kilometro guztira), gizarte arloko ekimen baten alde.
Euskaldunok erronka zaleak gara eta bi zumarragarrek esku artean dutena horren erakusle bikaina da: ekainean haietako batek zortzi aldiz igo zuen Eitzako mendatea eta besteak 16 aldiz igo zuen irailaren 24an. Azken honen erronka 23 aldiz igotzea da, horrela 100 kilometro osatuko bailituzke Eitzan gora eta behera. Beste txirrindulariarekin egitea gustatuko litzaioke, gizarte arloko ekimenen baten alde. Ez dute izenik eman nahi izan. Eitzakoak dira biak. Demagun, Mikel eta Xabier.
Ez dute meritu makala, Eitza mendate gogaikarria baita. Goierriko txirrindulariei gehien gorroto duten mendatea zein den galdetuko baliete, seguru aski Eitzak irabaziko luke. Askok ez dute sekula igotzen. Atagoititik pasatzen dira Goierri behetik Goierri garaira.
Eitzak dena baitu aurka: gogor samarra izateaz gain, zenbait tokitan asfaltoa ez dago oso egoera onean. Paisaiak ez du asko laguntzen: zentral elektrikoa, autobideko zubia, Santa Lutziko industrialdea… Eta trafikoa handi samarra da: industrialdean jende askok lan egiten du, Santa Lutzin jende dezente bizi da eta autobidean bidesaria kobratzen ari zirenetik askok errepide zaharra erabiltzen dute.
Hori dela eta, mendate arriskutsu samarra da. Bi errei ditu igotzeko eta auto asko ziztu bizian igotzen dira. Txirrindulariak ahalik eta eskuinenetik joaten dira eta bihurguneetan beldurrez akabatzen egoten dira, ez baitakite badatorrela entzuten duten auto, kamioi edo autobuseko gidariak ikusi ote dituen. Gainera, mendatearen amaieran zoruan itsatsitako hormigoi txaplata batzuk saihestu behar dituzte, atzetik datorren ibilgailuaren jomugan jarri gabe.
Hala, Eitza igotzea ez da batere atsegina. Zortzi aldiz igo zuen Mikelek Eitza Atagoiti baino nahiago du, ordea. «Motzagoa da eta Eitzan nire konfort-zonan sentitzen naiz. Zortzi aldiz igo nuenean, ez nuen erronka gisa egin. Mendatea jaitsi nuen, Ezkioko igoera hasten den errotondaraino joan nintzen, itzuli eta Eitza igo nuen, berriro jaitsi nintzen… eta konturatu nintzenerako zortzi aldiz igo nuen».
Xabierrek, berriz, erronka gisa egin du. «Beste txirrindulariak egindakoa oso gogorra iruditu zitzaidan. Buru aldetik indartsua izan behar da horrelako zerbait egiteko. Gainera, zirkuituak 4.375 metro bakarrik ditu eta hiru minutu pasatxo bakarrik dituzu errekuperatzeko. Kirola kronometroarekin egiten ohituta nago eta bestearen denbora banekienez, banekien itzuli bakoitza egiteko zenbat denbora nuen. Baina buruarentzat oso gogorra da behin eta berriro gauza bera egitea. Are gehiago zenbaki zehatz bat buruan duzunean. Eta fisikoki ere gogorra da».
Zirikatzaileak
Duela hilabete batzuk hamar aldiz egin zuen Xabierrek. «Baina kuadrillakoek ondo ezagutzen naute eta badakite zirikatzen banaute jarritako erronka egingo dudala. Zortzi aldiz igo zuena ni nintzela uste zuten eta hamar aldiz egin nuela esan nienean, edonork gainditu zezakeela esan zidaten eta 15 aldiz egitea proposatu zidaten. Azkenean 16 aldiz egin nuen, beste txirrindulariak egindakoa bikoizteko. Ez da broma: 69,9 kilometro dira eta 1.892 metroko desnibela. Igoeraren batez bestekoa %6koa da».
Eitza gustukoa du. «Niri ez zait etxera Eitzatik itzultzea axola. Batzuk nahiago dute Atagoititik itzuli edo Ormaiztegin trena hartu. Larunbatean Goierri kirol elkarteko zikloturistok bazkaria egin genuen eta batek ez duela inoiz Eitza igoko esan zuen. Nekatuta bazaude, alde ederra dago Atagoiti igo edo Eitza igo… Eitzak kilometro pasatxo bakarrik du!».
Hala, 16 aldiz igo ondoren, Eitza 23 aldiz igotzea du buruan. «Saltsa gustatzen zait. Horrelako gauzek lagun arteko giroa pizten laguntzen dute. 23 aldiz igotzea gustatuko litzaidake, horrela 100 kilometro egingo bainituzke Eitzan gora eta behera. Beste txirrindulariarekin egin nahiko nuke eta babesle batzuekin, gizarte arloko elkarteren batentzako dirua lortzeko. Erronken kontua lagunekin barre pixka bat egitea da, baina norbaiti laguntzeko balio badute, hobe».