Stop Etxegabetzeak taldeak protesta egin du BBVAren aurrean
Goierrin bizi den familia bati elkartasuna adierazi diote. Funts putrearen eskaintza jaso dute, baina «ez da nahikoa». BBVAri «egoera honi amaiera emateko» eskatu dio taldeak.
Goierrin bizi den Youssef marokoarraren eta bere familiaren egoerak berdin jarraitzen du, beraz, Goierriko Stop Etxegabetzeak aurrera jarraitzen du mobilizazioekin. Gaur, elkarretaratzea egin dute Beasainen, BBVA banketxearen atarian, Ez zaude bakarrik mezuarekin, familia honek bizi duen egoera gizarteratzeko, eta era berean, elkartasuna adierazteko.
Stop Etxegabetzeak azaldu duenez, funts putrearekin kontaktuak izan dituzte azken egunetan. «Haiek deitu digute, Ordiziako elkarretaratzearen ondoren. Apur bat apaldu dute eskaera, baina familiaren egoera ekonomikoak ezin dio eskaera horri erantzun. Nahiz eta lana izan, tope egin dute. Berankorren zerrendan daudenez eta soldata enbargatuta dutenez, ezin dute dirurik aurreztu, eta, beraz, kreditu bat ematea da aukera bakarra. BBVAra joan gara, hura baita arazoaren sorburua, eta kreditua emateko eskatu diegu, baina ukatu egin diote. Egoerari aurre egin nahi dio Youssefek, horregatik, eta bi eskaintzen arteko alde txikia ikusita, bidea erraztea eskatzen dugu».
Stop Etxegabetzeak familia honen testuingurua kokatu nahi izan du. «Youssef Marokotik iritsi zen Kataluniara, 2004an. Besteak baino ‘errazagoa’ izan zuen. Senideren batek bidea erraztu zion. Ordurako finkatuta zegoen, eta diru asko ordaindu behar izan zion. Hemen zegoenez, senide horrek hipoteka eman ziezaioten erabili zuen. Abal-emaile gisa esan zion, baina bankuak titular gisa jarri zuen, beste pertsonaren adina handi samarra baitzen».
Hala ere, «Youssefek ez zuen ulertzen zer sinatzen ari zen, eta are gutxiago irakurtzen zuen hizkuntza jakin gabe. Baina banketxeak (BBVA) bai, eta notarioak ere bai». Krisia etorri zen eta «mailegua ez zen ordaindu. Youssef non bizi bilatzen ari zen. Goierrin ikasi zuen eta bertan bizi da bere familiarekin, adin txikiko bi haurrekin. Zoriontsuak izan zitezkeen».
Bankua (BBVA) etxearekin geratu zela dio Stop Etxegabetzeak, «baina funts putre batera pasatu zen zor garrantzitsu bat geratu zen, eta denbora behar izan bazuten ere, Youssef aurkitu dute, eta urteak daramatza PFEZaren nomina eta itzulketak bahitzen».
Azken egunotan funtsarekin hitz egin dutela diote, «eta kopurua zertxobait jaitsi dute, baina familia honentzat ordainezina izaten jarraitzen du. Horregatik, BBVAri, istorio honetako aktore nagusi gisari, egoera honi amaiera emateko eta familiak Goierrin bizitzen jarraitu ahal izateko eskatu dio».
Familia «itxaropentsu» dagoela adierazi du Stop Kaleratzeak. «Ia hiru urte daramatzate justuarekin bizitzen, eta orain ikusten dute nolabait amaiera bat egon daitekeela».
Egoera aldatzen ez den bitartean baina, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du Stop Kaleratzeak. Bihar, osteguna, Tolosako BBVAren aurrean egingo dute elkarretaratzea.