Betzaida Urtazaren euskal mitologiaren bildumako hirugarrena
Labetik atera berria da hirugarren liburukia, Urtazak berak idatzia, euskaraz: 'Gure aitona arrantzalea'. Ipuin kontaketa saioa egingo du ostiralean Altzagan.
Betzaida Urtaza legorretarrak 2020. urtean sortu zuen Amesgile argitaletxearen proiektua handitzen jarraitzen du, argitalpen berriekin. Labetik atera berria duena, euskal mitologiaren bildumako hirugarren liburukia da, Urtazak berak idatzia, euskaraz: Gure aitona arrantzalea. «Zortzi ipuinetako bilduma izango da euskal mitologiarena eta hau hirugarrena da».
Mirari Sagarzazu Sacristan ilustratzaile oñatiarrarekin lanean jarraitu du. «Oraingo honetan Lapurdi lantzen dugu. Itsasoarekin eta familiarekin lotuta dago. Euskal mitologian niretzat ezezagunak ziren Ortzi eta Traganarru agertzen dira. Ipuinak erakusten du batzuetan gauzak galtzen ditugula baina berreskuratu ere bai». Urtazaren liburuetan ohikoa den bezala, ipuina entzuteko aukera dago, Qr kodearekin. Minuskulaz idatzia dago.
Uda partean, Hondartzan ipuina ere argitaratu zuen legorretarrak. «Lau istorio dira. Donostiako Ondarretan gertatzen dira, eta istorio bakoitzak urtaro bat lantzen du. Gai ezberdinak lantzen dira liburuan: naturaren zainketa, lehenengo aldiak, laguntasuna, aniztasuna, asperdurari nola aurre egin…».
Hitz larriz idatzia dago. Kasu honetan ere, ipuina entzungai jarri du, Qr kodearekin. «Itsasoa entzuten da. Oso polita da». Ilustratzailea da Sara Villa Redondo bilbotarra. Euskaraz gain, gazteleraz, euskara-gaztelera, euskara-ingelesa eta euskara-frantsesa formatuan ere argitaratu ditu.
Altzagan eta Legorretan
Ipuin kontaketa saioekin ere jarraitzen du Urtazak. Etzi, 17:30ean, Altzagako Ertoetxean izango da. Urriaren 30ean, berriz, 18:00etan, Legorretako udal liburutegian aurkezpen eta solasaldia egingo du, kafeak lagunduta. Orain arteko eta etorriko diren argitalpenen berri emango du.