Erromeria ospatuko dute igandean Ardanbidetan
Kimu-Berri elkarteak antolatu du. Egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte, eta musika eta kirol jokoak ez dira faltako. Autobusa egongo da.
Urriko azken igandea iritsi da, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, erromeria ospatuko da Ardanbidetako zelaietan, Kimu-berri elkarteak antolatuta. Egun osorako ekintzak prestatu dituzte, eta musika eta taberna zerbitzua egongo dira. Gainera, autobus zerbitzua izango da Laubideko biribilgunetik, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik aurrera.
Erromeria eguna goizean goiz hasiko da, eta Izadi Zaleak mendi elkartearekin batera, Kimu-berri aterpearen ingurura oinez igotzeko deia egin dute. Hitzordua 09:00etan izango da, biribilgunean.
Goian, aterpean bertan eta inguruan, salda eta txorixoa banatuko dute goizean, eta haurrentzako eta helduentzako jokoak, herri kirolak, sokatira erraldoia, zaldi paseoak eta arku tiraketa egongo dira, musikaz lagunduta. Bazkaltzeko, berriz, Lekanazpi elkarteak prestatuko patatak txorizoarekin izango dira, 100 errazio guztira.
Erromeria hau urteetan Zingi Zango euskara elkarteak Agorreko Santikutzetan antolatzen zuen festaren ondorengoa da. Elkartea desegin zenean, Kimu-berri aterpea kudeatzen dutenek hartu zuten erreleboa, eta urriko azken igandean hasi ziren antolatzen duela urte gutxi.
EGITARAUA
09:00: Mendi irterra Ardanbidetara Izadi Zaleak elkartearekin.
10:00-11:30: Salda eta txorixo banaketa
11:00: Arku tiraketen erakustaldia eta tiraketak Luma taldearen eskutik.
12:00: Zaldi paseoak Ormazarreta zalditegiarekin
12:30: Erronka haur eta helduentzat (txingak, oskolak etab.)
14:30: Bazkaltzeko patatak txorizoarekin 100 lagunentzat, Lekanazpi elkarteak prestatuta.
16:00: Sokatira.