Hilerrira eramateko lore eskaintza zabaleko feria
Lore zentroak enkargatzeko eguna izan da, eta berritasun ugarikoa gainera. Produktu berrien artean, Pakistango jatorria duen kuia ikusi da.
Gerturatzen ari da azaroaren 1a, eta egun seinalatu horren aurreko feriak bereziak izaten dira, hilerrietara eramateko loreen enkarguak egitekoak direlako. Gaurkoa halakoa izan da, eta Iñaki Azanzak eta Maria Dolores Mendizabalek propio muntatu dituzte postuak asmo horretarako.
Posturik ikusgarriena Mendizabal aramarrarena izan dela esan behar da, lore moztuekin zein biziekin egindako zentroz beteta zuelako. Lore moztuen atalean, arrosak, krabelinak eta gladioloak izan ditu nagusi, eta zentroak 42 eta 127 euro artan zituen salgai. Lore biziekin egindako zentroen aukera zabalagoa izan da, eta 42 eta 57 euro artean eskaini ditu ziklamenekin, txilarrekin, kalantxoekin, huntzekin, pentsamenduekin, azaleekin, primulekin eta beste hainbat landarekin egindakoak.
Azanzaren postuan, berriz, Santu Guztien egun horrekin hain lotuta dagoen krisantemo zuria izan da aukeran. Tamaina desberdinetako loreak zituzten krisantemoak ziren, eta 20 eta 35 euro artean zituen salgai. Ziklamen handiekin osatutako terrinak ere izan ditu salgai, 25 euroan, eta lore desberdinekin osatutako zentroak egiteko aukera ere eskaini du, 40 eta 50 euro artean horiek.
Gaurko feria enkarguak egiteko baliatu du jendeak, eta hurrengo asteazkenean ere izango dute horretarako aukera.
Barazkiak eta perretxikoak
Hildakoak gogoratzeko loreez gain, produktu berri batzuk ere ikusi dira ferian. Montesek, adibidez, brokoli morea izan du, pieza 2 euroan, eta landareetan, Dorian motako ilarra eta arbitxoa ere bai, 0,20 eta 0,10 euroan, hurrenez hurren. Waqar Ahmed landare saltzailearen postuan, berriz, Pakistandik ekarritako hazietatik sortutako kuia aurkeztu dute, 3 euroan kiloa. Azalore berria ere hasia da, eta Iñaki Intxaustik kiloka izan d salgai, 2,8 euroan, ekologikoa. Kale aza moratua ere iritsi da, eta sorta 2 euroan izan da salgai hainbat postutan. Jose Antonio Elosegik, bere aldetik, Idarret motako sagarra aurkeztu du, kiloa 3,5 euroan. Duela aste batzuk Maria Jesus Oriak aurkeztutako boniatoa ere aipatu behar da, kiloa 3 eta 3,5 euro artean. Ogien artean, Legazpiko Maite Iturbe hasi da aurten ere kuiarekin eta kuiatxoarekin egindako ogi opilak (0,85 euro) eta arto irina saltzen (3 euroan kiloa). Eta amaitzeko, gozo kontuak, Astigoxok sagarrekin eta almendrekin egindako tarta izan duelako aukeran, 30 euroan osoa eta 3,5 euroan errazioa.
Perretxikoen atalean, aukera zabala izan da albistea. Honakoa izan da eskaintza, osora: 260 kilo onddo (14-28 €), 33 kilo ziza hori (20-24 €), 20 kilo niskalo (20 €), 15 kilo gorringo (28-35 €), 11 kilo saltsa perretxiko beltz 22 €), 10 kilo mendiko angula (20 €) eta 5 kilo gibelurdin (25 €)
Tuterako barazkiak
Barazki gehiago ere iritsi dira gaurko feriara, baina urrutiagotik, Nafarroatik hain zuzen. Hala, denboraldiko Tuterako lehen orburuak jarri dituzte salgai Zuhaiztiko hainbat fruta saltzaile, dozena 7,95 eta 9,95 euro artean.
Borraja berriak ere aukeran dituzte dagoeneko, sorta 2,95 eta 3,5 euro artean.
Bisitari ugari
Gaurko feria berezia izan dela ere esan behar da, Ordiziako gazta txapeldunen txapelketa ere egin delako, eta horrek jende ugari erakarri duelako. Txapelketa udaletxeko arkupeetan egin da, eta irabazlea Kortaria izan da.
Bestelako bisitariak ere izan dira, eta D’Elikatuz zentroak gidatua, Japoniako turismo agentzietako hainbat ordezkari eta kazetariak izan dira feria eta Ordizia bera goitik behera arakatzen. Talde gehiago ere ikusi dira, postuz postu: Arabako Santikurutze Kanpezuko jubilatuak, Basque Culinary Centerreko hainbat ikasle, eta Donostiako ADSIS lanbide heziketa zentroko ikasle taldea.