Intxaurraren euliaren aurkako neurrien berri emango dute urriaren 31n, mahai-inguru batean
Intxaur aleak kaltetzen dituen euliari aurre egiteko hartutako neurriak eta lortu diren emaitzak aurkeztuko dituzte, Goimenen Zaldibiako Goizane egoitzan. Izena eman daiteke dagoeneko.
Intxaur alea arbolan belzten eta kaltetzen duen euliari buruz adituen mahai-ingurua antolatu dute, Goimenen Zaldibiako Goizane egoitzan, urriaren 31rako; 17:00etan hasiko da. Gabino Murua bideratzaile dela, Markos Alustizak, Alfonso Gonzalezek eta Jon Goikoetxeak ere parte hartuko dute. Rhagoletis completa euliaren aurka hartu diren neurrien berri emango dute. Izena eman daiteke dagoeneko (679 97 23 72).
Intxaurraren euliak (Rhagoletis completa) azken bi urteetan bereziki, Goierriko intxaur ale ia guztiak kaltetu ditu. Alea inguratzen duen azalean arrautzak jartzen ditu intsektu horrek, eta ondoren harrak barruan jaio eta jaten du inguruko azal-mami biguna. Alea kaltetzen du, belztu eta erabat galtzeraino. Gabino Murua gabiriarrak ikertu du arazoa, eta hainbat tratamendu proposatu ditu beste aditu batzuekin batera.
Urtarrilarne 24an egin zuten gaia gizarteratzeko eta intxaurraren kaltearen eragilea aurkezteko lehenengo saioa, Goizanen bertan (otsailaren 12ko Goiberri-n gehiago). Udaberri atariko saio hartan –berebiziko urtaro garrantzitsuak dira udaberria eta uda, euliaren aurka egiteko– lan-talde handi bat eratzea erabaki zuten, euliaren erasoari aurre egin ahal izateko bide ezberdinak urratzeko eta praktikan jartzeko. “Horrela, batzuek tranpa kromatiko horiak erabili dituzte, beste batzuek eurek egindako tranpak erabili dituzte, beste batzuek spintor cebo intsektizida eta, azkenik, beste batzuek, intxaurrondoak erabat tratatzeko aukera zutenek, intsektizida sistemikoak erabili dituzte, hain zuzen ere, Epik edo Karate Zeon“, azaldu du Gabino Muruak.
Orain arteko bidea, lana eta hartutako neurrien emaitzak aurkeztuko dituzte urriaren 31ko mahai-inguruan.