Kortaria gazta, Ordiziako txapeldunetan txapeldunena
Azkeneko hamar urteetan Ordiziako gazta txapelketa irabazi dutenen lehiaketa jokatu da gaur. Bigarrena, Ordiziako Joseba Intxaustiren Otatza gazta izan da, eta hirugarrena, La Lezeko Eli Gorrotxategi eta Joxe Mari Jauregi goierritarrena.
Azkeneko hamar urteetan (2015etik 2024ra) Ordizian iraileko azokako gazta txapelketa irabazi dutenen arteko lehia jokatu da gaur goizean, udaletxeko arkupeetan. Epaimahaiaren arabera, Julen Arburuaren Kortaria gazta (Lekaroz, Nafarroa) izan da onena. Urrezko Gazta garaikurra, urrezko domina eta 300 euro jaso ditu opari. Urrezko Gaztak “indarra, motibazioa, satisfakzioa, egunerokotasunean jarraitzeko indarra” ematen duela aipatu du Irati Usandizagak.
Bigarrena, Joseba Intxausti ordiziarraren Otatza gazta izan da. Aitak jaso ditu zilarrezko domina eta 200 euro.
Hirugarrena, azkenik, La Leze gazta (Ilarduia, Araba) izan da, Eli Gorrotxategi eta Joxe Mari Jauregi goierritarrek egina. Brontzezko domina eta 100 euro jaso dituzte opari.
Guztira 6 gazta ketu eta 4 zuri aurkeztu dituzte parte hartzaileek. Hamarreko zerrenda ondorengoa da:
- 2015. Jon Etxeberria eta Puy Arrieta. Ipiñaburu. Zeanuri (Bizkaia).
- 2016. Joseba Intsausti. Otatza. Ordizia.
- 2017. Jose Luis Odriozola. Agerre-Buru. Aia.
- 2018. Julen Arburua. Kortaria. Lekaroz (Nafarroa).
- 2019. Julen Arburua. Kortaria. Lekaroz. (Nafarroa).
- 2020. Patxi Lopez de Uralde. Larreako Gazta. Larrea (Araba).
- 2021. Eneko Goiburu. Ondarre. Segura.
- 2022. J. M. Jauregi eta Eli Gorrotxategi. La Leze. Ilarduia (Araba).
- 2023. Eneko Goiburu. Ondarre. Segura.
- 2024. J. M. Jauregi eta Eli Gorrotxategi. La Leze. Ilarduia (Araba).
Epaimahaia osatu dutenak, berriz, Patxi Perez Elortondo eta Maria Victoria Urresti (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), Iñaki Arrieta (Rekondo Jatetxea, Donostia), Arantxa Aguirrezabala (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Roberto Ruiz (Hika txakolindegia, Villabona) sukaldariak eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (AZ Gastronomia) kazetari gastronomikoak.