Mirandaola parkeko Elkargunearen irekiera ekitaldia egingo dute larunbatean
Bizikidetzarako Herritarren Foroak Mirandaola parkean eraikitako gunea da. Legazpiar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira.
Bizikidetzarako Herritarren Foroak Mirandaola parkean sortu duen Elkargunearen irekiera ekitaldia egingo du larunbatean. Legazpiar guztiak gonbidatu ditu, eta hitzordua 11:45ean jarri du, parkeko aparkalekuan.
Legazpiko bizilagunek osatutako foroak 2017an abiatu zuen bere bidea, «indarkeria politikoak dituen era eta jatorri guztietako ondorioak entzun, ikasi eta hausnartzeko, berriz ere ez errepikatzeko helburuarekin». Bide horretan, giza eskubideen urraketen biktima guztiei eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako bestelako sufrimenduen biktima guztiei eta euren familiei aitortza egin zieten, Latxartegi aretoan iaz urte hasieran egindako ekitaldi hunkigarri batean.
Ordurako, eraikia zuten Mirandaolako Elkargunea ere, taldearen barruan 2022an egindako proposamena gauzatuz. «Badakigu iraganeko zauriei eta haserreei heltzea bide luzea eta konplexua dela, baina argi daukagu elkarrizketa eta elkar ulertzea dela berradiskidetzearen utopiara iristeko bidea». Elkarguneak bide hori irudikatu nahi du, hain zuzen.
Burgueraren eskultura
Elkargunea harrizko zortzi eserlekuz osatutako espazio zirkular bat da, beste hainbeste zuhaitzez babestutakoa. Zirkularra da, «zirkuluan partekatu ditugulako gure bizipenak, eta zirkuluan entzun ditugulako herriko biktima batzuen zuzeneko testigantzak. Zirkuluan egin dugu barre eta negar eurekin».
Juan Mari Burguera artista legazpiarrak egindako burdinazko eskultura batek osatzen du multzoa.
Orain legazpiar guztiekin partekatu nahi dute «hain sinbolikoa eta garrantzitsua» den gune hori, elkarrizketarako eta elkar ulermenerako sortutakoa.