Errege Kopako partida, asteazkenean
Loinatz futbol zelaian izango da, Cartagenaren aurka, 19:30ean hasita. Sarrerak salgai daude Igartza futbol zelaiko tabernan.
Urriaren 29 eta 31 bitartean hasiko da 2024-2025eko gizonen futboleko Errege Kopa. Zozketak hala erabakita, Beasainek Cartagenaren aurka jokatuko du lehen kanporaketa. Urriaren 30ean, asteazkenean, izango da partida. Loinatz futbol zelaian jokatuko dute, aurkaria bigarren mailako taldea delako. 19:30ean hasiko da norgehiagoka. Partida bakarrera izango da kanporaketa. Sarrerak salgai daude 15 euroan, Igartza futbol zelaiko tabernan. Bazkideek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.
Aurretik, baina, hirugarren mailako Ligako partidari egin beharko diote aurre Mikel Arruabarrenaren mutilek. Denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko ahalegina egingo dute, taldearen animoak ere gora egiteko. Izan ere, pasa den asteburuan, Aretxabaleta Ligako liderraren aurka, 2-1 galdu zuten Ibarran. Etxetik kanpo garesti daude garaipenak beasaindarrentzat. Aretxabaleta 1-0 aurreratu zen aurreneko minutuetan. Beasainek berdinketa lortu zuen 59. minutuan. Ander Bengoetxeak egin zuen gola. Hala ere, 87. minutuan, bigarren gola egin zuen Aretxabaletak, garaipena ziurtatuz.
Gauzak horrela, punturik ezin gehitu, sailkapen nagusiko 16. postura jaitsi da Beasain.
Igandekoan, hirugarren mailako zazpigarren jardunaldian, Leioaren kontra jokatuko dute, 16:00etan hasita.