Kataluniako cavak eta xanpain frantses bat, 10. Cava Festan
Sant Sadurniko upategietako bederatzi cava, aukeran. Aurtengo gonbidatua, Moet Chandon xanpaina izango da. Euskal sagardoa ezagutzera emango zaie gonbidatu katalanei, Oiharten.
Zegamarrek 10. Cava Festa ospatuko dute ostiralean eta larunbatean; herriko elkarteek, udalaren laguntzarekin antolatuta. Sant Sadurni D’ Anoia (Herrialde Katalanak) eta Zegamako herriaren arteko senidetzea dago festaren atzean. «Herriko elkarteen ideia izan zen orain 10 urte festa hau antolatzeko ideia», azaldu du Denis Perez Zegamako Kultura zinegotziak. Tartaloetxe, Amezti eta Kasino elkarte gastronomikoak, Karraztarro ehiza eta arrantza elkartea, Belatxingak bola-joko kluba, Elkartu Nahi txirrindulari elkartea, Gazte Herexa eta jubilatuen elkarteak hartzen dute parte antolakuntza lanetan.
Bihar eta etzi, 20:00etatik 1:00etara egingo dute Cava Festa kiroldegian. Hasierako lekura itzuliko da aurten festa, azkeneko urteetan eskolako patioan egin eta gero. Bederatzi cava ezberdin probatzeko aukera izango da aurten, «guztiak Sant Sadurniko upategietakoak». Produktu gonbidatua Moet Chandon xanpaina izango da aurten. Cava kopak 2 eta 3 euro artean salduko dituzte eta botilak 10 eta 15 eurotan. Moet Chandon kopak 6 euroko prezioa izango du eta botilak, 30 eurokoa.
Sagardo dastaketa Oiharten
Ohi bezala Sant Sadurniko ordezkariak izango dira aurtengo Cava Festan ere, «udaleko eta lau upategietako ordezkariek baieztatu digute etorriko direla», esan du Perezek. Aurten, Zeraingo Oiharte sagardotegira gonbidatuko dituzte, bertako euskal sagardoa dastatzeko, «Unai Agirre Euskal Sagardoako lehendakaria eta Niko Osinalde, Goiturreko zuzendaria» ere, bertan izango dira, besteak beste.
Jatekoa, ohi bezala, Txomin Parrillak egingo du, eta musikarik ere ez faltako; «bihar herriko Jo Motel txarangak egingo du emanaldia eta etzi Pancho Balbuena mexikarraren txanda izango da». Bi emanaldiak 22:00etan hasiko dira. Autobus zerbitzu berezia ere egongo da Zegamatik Legorretaraino. Ikus ordutegiak ondorengo taulan: