ELKARRIZKETA. «HITZA bezalako ekimen bati laguntza ematea garrantzitsua da»
Mikel Markotegi legazpiarrak duela hiru-lau urte egin zuen HITZAren harpidetza digitala. Goierriko berri jakiteko informazio iturri "interesgarri eta bikaina" iruditzen zaio. Albisteez gain, agenda ere kontsultatzen du, eta zozketa batean baino gehiagotan izan da saridun.
Noiztik zara Hitzakide? Eta zergatik?
Duela hiru edo lau urtetik esango nuke. Kanpaina bat irakurri eta gero izan nuen Hitzakideren berri. Zergatiari dagokionez, Goierri eskualdean sinesten dudanez, eta goierritarra naizenez, informazio iturri interesgarri eta bikaina iruditzen zait. Goierriko albisteen berri HITZAren bidez dakit, eta agenda ere asko jarraitzen dut herri desberdinetan zer dagoen jakiteko.
Egunero irakurtzen duzu? Eta zein bertsiotan?
Bai, normalean bai. Goizean goiz gustatzen zait irakurtzea, 08:30 eta 10:00ak tartean. Pasada batean irakurtzen dut, batzuetan paperezko bertsioan eta beste batzuetan online ere sartzen naiz.
Zerk desberdintzen gaitu beste egunkari batzuetatik?
Berta-bertako eta gertuko informazioa eskaintzea esango nuke dela desberdintasun nabarmenena. Gertuko informazioa euskaraz eskaintzen duen egunkari bakarra da eskualdean eta asko baloratzen dudan zerbait da. Berria eta bestelako egunkariak ere irakurtzen ditut, baina ni bizi naizen eremuko informazioa eskuratzeko GOIERRIKO HITZA dut aukerarik onena.
Hitzakide ez den irakurle bati zer esango zenioke?
Besteei ezer esatea baino, ni zergatik naizen Hitzakide esango dut. Uste dut horrelako ekimen bati laguntza ematea garrantzitsua dela eta niri nire aletxoa jartzea ez zait batere kostatzen. Asko baloratzen dut horrelako zerbitzu bat jaso ahal izatea.
«Gertuko informazioa euskaraz eskaintzen duen egunkari bakarra da eskualdean eta asko baloratzen dudan zerbait da»
Zure inguruan ohikoa al da HITZA irakurtzea?
Inguruan baditut lagunak eta ezagunak GOIERRIKO HITZA irakurtzen dutenak. Gure elkartean ere ohitura badago.
Zozketetan parte hartzen al duzu?
Bai, eta asko gustatzen zait parte hartzea. Gainera uste baino gehiagotan tokatu izan zait sariren bat edo beste. Zozkatzen diren gauzak oso erakargarriak iruditzen zaizkit: Ordiziako gazta lehiaketako gazta irabazlea, edo duela aste batzuk, Lazkaoko garagardo azokara joateko sarrerak zozkatzea sari ederrak iruditzen zaizkit.
Goiberri irakurtzen duzu?
Oso gustura irakurtzen dut. Elkarrizketak daudenean asko gustatzen zait eta baita Kate motzean atala ere. Pertsonen alde naturalena erakusten da bertan, eta askotan, Goierri eskualdea oso handia ez denez, jende ezagunarekin topatu izan naiz.