Udazken Kulturala borobiltzeko 30 ekitalditik gora izango dira
Udal eraikinaren 100 urteak ospatzeko ekintzak izango dira. Txistularien alardea egingo dute larunbatean. Euskal Herri osoko kale-margotzaileen topagune izango da Beasain.
Udal eraikinaren 100. urteurrena ospatuko da asteburuan, eta horri lotutako ekintzekin hasi da Udazken Kulturalaren bigarren aldia. 1924 urteko urriaren 26an egin zen gaur egun ezagutzen den eraikinaren inaugurazio ekitaldia. Herriko eraikin garrantzitsuenaren historiaz mintzatu zen asteazkenean Juantxo Unanua, Udal eraikinak, 100 urte hitzaldian, eta ospakizunarekin jarraitzeko, ostiralean, Tapiza, 100 urte ondare eta baloreak landuz ekintza egingo dute, herriko gaztetxoei zuzenduta. Parte hartzeko izena ematea komeni da, udalaren webgunean sartuta. Mendeurrena borobiltzeko, ZirkuSS konpainiaren Sustrai ikuskizuna izango da 20:30ean, Usurbe antzokian. Gonbidapenak eskuragarri daude antzokian bertan.
Txistularien alardea
Larunbatean, ibilbide luzea duen ekitaldi bat izango da; Beasaingo Txistularien 42. alardea. Udal eraikinaren 100. urteurrenaren aitzakian, asmoa zen Loinazko San Martin plazan egitea, baina eguraldiaren iragarpena txarra dela ikusita, Gernika pasealekuko pilotalekuan egingo dute ekitaldi nagusia, 19:30ean hasita. Aurretik, eguraldiak uzten badu beti ere, kalejira egingo dute.
Euskal Herri osoko 60 inguru txistularik parte hartuko dute Aitor Alvarezek zuzenduko duen ekitaldian. Txistulariekin batera, metal boskotea, teklatua, bateria, gaiteroak, akordeoilaria, eta Maddi Otamendi eta Julen Iraola abeslariak izango dira oholtza gainean. Ostadar eta Aurtzaka taldeetako dantzariek, Ekaitz konpartsako buruhandiek eta erraldoiek jantziko dute. Eta berrikuntza bezala, Argizpi argazkizale elkartekoek ere jarriko dute beren aletxoa.
Marrazketa urbanoa
Urriaren 26an, sketchcrawl edo kale-margolarien topaketa izango da. Sketchcrawl Euskal Herria taldearen deiari erantzunez, Euskal Herriko txoko desberdinetatik inguratuko dira hamarnaka artista. 10:00etan elkartuko dira udaletxeko plazan, eta handik herrian sakabanatuko dira, txoko desberdinak euren koadernoetan pintatzeko.
Ez da izango larunbatean izango diren ekintza bakarrak. Mendi Festibalaren eskalada ikastaroa izango da Antzizar kiroldegian, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
Eta arratsaldean, Ekaitz konpartsak herriko kaleak girotuko ditu. Elektrotxaranga ere izango da egun horretan.
Azaroaren 13ra arte
Azaroaren 13ra arte luzatuko da Udazken Kulturala, eta 30 ekintzatik gora dakartza egitarauaren bigarren atalak, dagoeneko etxe guztietara iritsi dena. Hitzaldiak, dantza saioak, kontzertuak, erakusketak, antzerkiak, argazki rallya, ipuin kontaketa saioak, bisita gidatuak, odolki txapelketa… Gustu eta adin tarte guztietarako ekintza sorta zabala izango da, hemen kontsulta daitekeena.
Aurtengo programazioa, Beasaingo Paperak bildumaren 32. zenbakiaren aurkezpenarekin itxiko dute Martin Garcia eta Jabier Elortza egileek.