Legazpiko Musika Banda Araian izan da asteburuan
Araiatik Legazpira lanera etorritako musikariekin osatu zen Legazpiko musika banda 1932an, desagertuta urte batzuk egon ondoren. Ordutik, musikarekin lotuta daude bi herriak.
Berezia da musikaren alorrean Legazpik eta Araiak (Araba) duten harremana. Joan den mendeko 1930 hamarkadetaraino doa, eta musika banda da lotura. Atzo Legazpi Musika Bandak urteroko bisita egin zuen Araiara, German Maria Lanzadazabal Musika Elkarteak gonbidatuta, kontzertua egiteko.
193eko hamarkadan Legazpiko musika banda desagertuta zegoen, eta berriz sortzeko prozesuan Araiatik Patricio Echeverria lantegira etorritako musikari batzuk izan zuten zerikusia. Julio eta Luis Alustiza anaiak, Donato Larrea, Felix Perea eta Tomas Perea ziren musikari arabar haiek, eta lehenik Araia izeneko txaranga sortu zuten, haren plantila gutxira Paulino Gordoa, Julio Bikuña, Florentino Iturbe eta Roberto Aseginolazarekin haziko zena. 1932. urtea zen, eta horrela geratu zen eratuta Legazpiko musika banda, Julio Alustizaren zuzendaritzapean.
Legazpiarrek ez dute ahazteko bandaren osaketan araiarrek jokatu zuten papera, eta gaur egun bi herrietako bandek harremana mantentzen dute. Atzo Legazpikoak han izan ziren bezala, araiarrak ere etortzen dira Legazpira.