Ataungo irakurleen solasaldietara idazle gehiago ekarriko dituzte
Otso Irakurleak taldeak akordio bat itxi du udalarekin, eta urtean bizpahiru idazle gonbidatuko dituzte. Urriko saioa bihar egingo dute, eta azarokoa ere izendatu dute.
Otso Irakurleak taldeak Ataungo Udalarekin egindako akordioari esker, urtean bizpahiru idazle solasaldietara gonbidatzeko moduan izango dira. Urriko saioa bihar, asteazkena, egingo dute, 19:00etan, udal liburutegian. Svetlana Aleksievitxek idatzi eta Iker Sancho lazkaotarrak euskaratutako Gerrak ez du emakume aurpegirik eleberria landuko dute.
Hurrengo irakurgaia ere zehaztu dute. Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak liburua irakurriko dute, eta azaroaren 27an izango da hari buruzko solasaldia, Izagirre bera bertan dela.