Auzo-taxi zerbitzuarekin landa auzoak eta herrigunea gertuago izango dira
Udalak 10.000 euro bideratu ditu. Beasaingo landa-auzoetan erroldatuta dauden 12 urtetik gorako biztanleek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek.
Auzo-Taxi programarako laguntzak arautzen dituen dokumentua onartu du Beasaingo Udalak. Ekimen hau landa-eremuetan bizi direnen mugikortasuna hobetzera bideratuta dago, eta garraio-zerbitzu bidezkoagoa eta iraunkorragoa eskaintzea du helburu, hirigunea landa-auzoekin lotuz. Udalak nabarmendu duenez, “eskariaren araberako mugikortasun-zerbitzu berriak aukera zabalagoa eta malguagoa eskainiko die landa-auzoetan bizi diren pertsonei”.
Beasaingo Udalak landa eremuetako bizilagunekin elkarlanean garatu du programa hau. Horretarako, hainbat informazio-saio egin zituzten, egoiliarren kezkak jaso eta konponbideak bilatzeko asmoz. “Ondorioztatu da ibilgailu pribatuaren mendekotasuna erabatekoa dela eta gidabaimenik edo autorik ez duten pertsonek zailtasunak dituztela udalerriaren erdigunera joateko”, adierazi du Udalak.
Udalak 10.000 euro bideratu ditu zerbitzua behar dutenentzat. Beasaingo landa-auzoetan (Beasainmendi, Arriaran, Garin, Astigarreta, Matxinbenta, Altamira eta Salbatore) erroldatuta dauden 12 urtetik gorako biztanleek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek. Onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte, eta ez dute zorrik izan behar Beasaingo Udalarekin. Eskabideak iGunean aurkeztu behar dira. Baliozkotu ondoren, aldeko ebazpena emango da eta eskatzaileari Auzo-Taxi txartel bat emango zaio, diruz lagundutako zerbitzua erabili ahal izateko.