Ordiziako Kulturen arteko topaketa, azaroaren 4tik 9ra
Kulturen Arteko VIII. Topaketa ospatuko da, Ordizia Kolore egitasmoaren barruan. Munduko Arrozen eguna azaroaren 9an da, hamar herrialdek hartuko dute parte. Txartelak salgai daude.
Ordizian kulturen arteko topaketa antolatu dute zortzigarren aldiz, azaroaren 4tik 9ra bitartean. Ordizian elkarbizitzen diren jatorri eta kultura ezberdinak hobeto ezagutu eta harremanak bultzatzea da egitasmo honen helburu nagusia. Urtetik urtera, gero eta parte hartze handiagoa duen egitasmoa da, besteak beste, Munduko Arrozen Egunean, 450 lagun inguru elkartzen dira herri bazkarian.
Ainhoa Jimenez Ongizate, berdintasun eta heziketa zinegotziak gogoratu du, “Ordizia Harrera Herria” dela eta horrek “poztasun eta aberastasun handia” ematen duela. Aurten Errumaniari “arreta berezia” jarriko diote, “Ordizian bizi den etorkin komunitaterik zabalena” delako. “Hiri hezitzailea proiektuan foro ezberdinak ari gara lantzen, eta horietako bat da Harrera Herriarena. Bertan aipatu zen urtero komunitate bati aipamen berezia egingo zitzaiola, eta Errumania izan da aurten hautatua”. Hala, Kulturen Arteko Topaketan ere, keinu bat egingo zaio herrialde horri. Honela, ipuin kontaketan eta sukaldaritza ikastaroan, Errumania izango da ardatza.
Askotariko ekitaldiak
Egitarau zabala antolatu dute aurten ere. Garabide elkartekoekin elkarlanean, ‘Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen’ izeneko erakusketa izango Barrenan, eta 5ean azalpenak emango dituzte. Bestalde, Garabidek dinamizatuta, hilaren 8an, Ordiziako hizkuntza identitate anitzei buruzko lehen topaketa egingo da (bukaeran luntxa eskainiko dute).
Kolore-Truk merkatu txikia ere egingo dute D’Elikatuz kanpo aldean. ‘Sormena eta migrazioa’ mahai-ingurua ere izango da, D’Elikatuz zentroan.
Pintxo-pote bereziak ere antolatu dituzte, ’11 zapore, Munduko pintxo-potea’ izenekoa. Asteartean, Otegi-eneko Nerea tabernan, eta asteazkenean, herriguneko Leizea, Olano, Pottoka, 1990, Martinez eta Kantoi tabernetan.
Munduko Arrozen Eguna azaroaren 9an izango da. Ainara Ormaetxea Ordiziako Aniztasun kudeatzailearen esanetan, “oso ekintza partehartzailea da, eta urtero 400-450 lagunetik gora” biltzen ditu. Munduko herrialde eta kultura ezberdinetako arrozak probatzeko aukera izango da bertan. Aurten, hamar herrialdeetako sukaldariek parte hartuko dute, eta Peru, Japonia eta Ekuatoriar Ginea dira berrikuntzak. Parte hartuko duten herrialdeen zerrenda ondorengoa da: Nigeria, Nikaragua , Ekuatore Ginea, Sahara , Amel Algeria , Peru , Kolonbia, Ekuador, Euskal Herria eta Japonia. Txartelak salgai daude D’Elikatuzen, Buztuntzako Magazine Romanesc dendan eta Otegieneko Nerea tabernan, 3 euroan helduena eta euro batean umeena.
Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte: egunean zehar haurrentzako jolasak, bingoa eta DJa izango dira eta gauean, berrikuntza moduan, kontzertuak: Samba Badago, Lua Matheus & Revolutionary Brothers, eta DJ Angel. Kontzertuetarako barra ere jarriko da, eta bertatik ateratzen den dirua Palestinako UNRWA agentziara bideratuko da.
Egitaraua:
Azaroaren 4tik 9ra
- Erakusketa: Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketa. Garabide Elkartea.
- 11:00-13:00: Kolore-truk merkatu txikia, D’Elikatuzen.
Azaroaren 4tik 7ra
- 17:00-19:00: Kolore-truk merkatu txikia, D’Elikatuzen.
Azaroak 4
- 17:15: D’Elikatuzen. Munduko ipuinak: Errumania. Catalina Vazdoaga eta Mertxe Aizpurua.
Azaroak 5
- 17:00-19:00: Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketaren azalpenak emango ditu Garabide Elkartea.
- 18:30: D’Elikatuzen mahai ingurua: Sormena eta migrazioa. Luisa Etxenike, Sihara Nuño. Dinamizatzailea: Slawka Grabowska.
- 19:00-21:00: Otegienean (Nerea), 11 zapore munduko pintxo potea.
Azaroak 7
- 18:00: D’Elikatuzen, munduko sukaldaritza ikastaroa: Errumania. Mihaela Dzitac. Aurrez izena emanda.
- 19:00-21:00: Herri guneko tabernatan (Leize, Olano, 1990, Martinez eta Kantoi), 11 zapore munduko pintxo potea.
Azaroak 8
- 17:30: Barrenan, Ordiziako hizkuntza eta identitate anitzei buruzko topaketa. Dinamizatzailea: Garabide elkartea. Bukaeran lutxa egongo da.
Azaroak 9
- 14:30: Pilotalekuan, munduko arrozen bazkari herrikoia.
- 15:00: Kalean, haur jolasak.
- 15:30: Frontoian, bingoa.
- 16:30: Frontoian, Dj Pottokis.
- 19:00: Frontoian, kontzertuak: Samba Badago, Lua Matheus&Revolutionary Brothers, eta Dj Angel Etxebeste. Barra eta taloak egongo dira.
Azaroak 24
- Bizilagunak bazkaria. Hamaika zapore, mila istorio.