Beasaingo odolki txapelketaren 39. edizioa larunbatean izango da
Olano harategiak hamaikagarren txapela irabaz dezake segidan. 35 postu inguru izango dira azoka berezian. Erraldoien topaketa, argazki rallya eta gehiago ere izango dira eguna borobiltzeko.
Beasainen 39. odolki txapelketa eta dastaketa egingo dute larunbatean, Beasaingo Odolkiaren kofradiak, udalaren laguntzarekin antolatuta. Odolkigile eta harakinek, ostegun arratsaldean, Bareak elkartearen bulegoetan aurkeztu beharko dituzte lehiaketarako hestebeteak. Antolakuntzak dozena bat inguru ekoizleren parte hartzea espero du.
Txapelketa honen ibilbidean Beasaingo Olano harategiak odolkietan parekorik ez duela erakutsi du, orain arte. Iaz, hamargarren txapela jantzi zuten, bata bestearen segidan. Aurtengoan ere parte hartuko dutela baieztatu dute, beraz, hamaikagarrenarekin borobilduko lukete etzikoan irabazle suertatzen badira.
Txapela nork jantziko duen erabakitzeko, lau emakumezkok osatutako epaimahaia izango da. Sandra Aparicio Beasaingo Kaxolako ordezkaria, Ane Lore Lasa Donostiako R jatetxeko sukaldaria, Ainhoa Olano Donostiako Rekondo jatetxeko ordezkaria, eta GOIERRIKO HITZA-ko Beasaingo kazetaria, lerro hauek idazten ari dena. Puntuazioak emateko kontutan hartu beharko dira produktuak aurkezten duen itxura eta hestea, ebakidura, zaporea, usaina eta osagaien txikitze tamaina. 11:30ean hasiko da ebaluaketa lana, eta 13:00etan jakinaraziko da 39. edizioaren irabazlea.
Azoka berezia
Odolki txapelketarekin batera, azoka berezia izango da, Gernika pasealekuan. 35 inguru postu jarriko dituzte, tartean, hileko lehenengo larunbateko azoka bereziko ekoizleak; herriko bi harakin, Movember, artisautza postuak, ardi eta behi gazta, eztia, gozogintza, arrain kontserbak, apaingarriak, hestebeteak, taloak, kosmetika naturala, umeentzako jostailuak, ogia, kontserba begetalak, bitxiak, esnekiak, ahatekia, Bear pintura zaletuen koadroak eta euskal panpinen postuak izango dira. 10:00etan irekiko dituzte postuak.
Jaia borobiltzeko
Ekintza gehiago ere izango dira eguna borobiltzeko. Goizeko 9:00etan emango diote hasiera argazki rallyari. 10:00ak arte egingo dira izen emateak, Argizpi elkartearen egoitzan. Izena ematearekin batera jakinaraziko zaizkie partaideei erretratatu beharreko gaiak, tartean, Beasaingo odolkia. 13:00ak eta 14:00ak artean entregatu beharko dituzte argazkiak. Hemen parte hartzeko baldintzak.
Gainera, erraldoien hirugarren topaketa egingo dute, Ekaitz konpartsak antolatuta. Beasaingo erraldoiekin batera, Portugaleteko, Tuterako eta Pasaiako erraldoien konpartsak izango dira. Doinuzar, Baztango eta Euskal giroa gaitero taldeek girotuko dute eguna. Gaitoroen goiz deiaren ondoren, erraldoien muntaia eta erakusketa egingo dute udaletxean. Jarraian, 11:00ak aldera, kalejirarekin hasiko dira. Goizean eta arratsaldean girotuko dituzte herriko kaleak.
Kale ikuskizuna ere izango da arratsaldean, Chef nature izenburupean, eta Matraka elektrotxarangaren erritmora amaituko da festa.