Egutegiko 17. argazki lehiaketa deitu du Segurako Udalak
Egile bakoitzak gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak bidaltzeko azken eguna azaroaren 4a izango da.
Segurako Udalak 2025eko egutegia argitaratzeko helburuarekin 17. argazki lehiaketa antolatu du. Aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia Harremanak izango da eta ohi bezala herriko merkatari eta zerbitzuek egutegiaren osaketan lagunduko du. Seguran erroldatuta dagoen edonork eta Segurako edozein elkarte edo taldek parte hartu ahal izango du lehiaketan.
Aurkeztuko diren argazkiak Seguran ateratakoak izan beharko dute; hori ziurtatzeko herria bera edo herriko eremu edo elementuren bat agertu beharko da irudian. Argazkiak originalak eta inon argitaratu gabeak izan beharko dute eta gutxienez, 300 pixeleko erresoluzioa izan beharko dute.
Sari banaketa, abenduan
Egile bakoitzak gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta behin lehiaketara aurkeztuta, argazkiak udalaren jabetzakoak izatera pasatuko dira. Argazkiak udaletxean bertan aurkeztu beharko dira azaroaren 4ra —astelehena— bitartean, emailez kultura@segura.eus helbidean, argazkien izenburuak, egilearen izen-abizenak, eta harremanetarako telefonoa eta helbidea zehaztuz. Sari banaketa abenduaren 14an egingo da, 19:00etan Botikaxaharren, 18. Euskal liburu, disko eta jostailuen azokan.
Irabazleari 250 euroko saria emango zaio eta bigarren sailkatuari 100 eurokoa. Gainera, GOIBERRI eta GOIERRIKO HITZAren urte osoko harpidetza ere bai.