Aurrekontu partehartzaileen proiektu bozkatuenak aurkeztu dituzte
Guztira 271 lagunek eman dute botoa, 146k webgunearen bidez eta beste 125ek zuzenean udaletxera joanda.
Lazkaoko Udalak 2025erako aurrekontutik 200.000 euro zer proiektutara bideratu, aukeratu dute herritarrek. Lehengo astean esan zuten aurrekontu parte-hartzaileetako bost proiektu bozkatuenak zeintzuk izan diren. Guztira 271 lagunek eman dute botoa, aurre-galbahe batean aukeran utzitakoen artean bakoitzaren gustukoena aukeratuta. 146 boto webguneko galdetegia beteta jaso ditu udalak, eta beste 125 udaletxera zuzenean eramanda.
Bost egitasmo bereizi dituzte. Boto gehien, Harizti Handiko basoan bizikletekin ibiltzeko zirkuitu bat prestatzeko proiektuak jaso du. Bigarren aukera, parke berean haurrentzat jolasak eta zabuak jartzearena izan da; hirugarrena, Jose Lasa Kalearen eta Santa Madalena auzoaren arteko bidegorria egokitzekoa; laugarrena, bizikleten aparkalekuak estaltzekoa; eta, bosgarren lekuan, herriko sarrera-irteeretan segurtasun kamerak jartzearen proposamenari eman dizkiote boto gehien. Udalak ez du zehaztu proposamen bakoitzak zenbat boto jaso dituen.
Aipaturiko bost proiektuak 2025eko aurrekontuan txertatuko dituela baieztatu du dagoeneko udalak.