Ordiziako feria, etorkizuneko erosleei begira
Herriko ikasleak postuz postu ibili dira goizean, azokako eskaintza oparoa ezagutzen. Berritasunen artean, baratxuri freskoa.
Ordiziako azoka inguruko ekoizleen produktuak erosteko lekua izateaz gain, etorkizuneko kontsumitzaileak eta erosleak hezteko gune ere bihurtzen da ia astero, ikasleen bisiten eskutik. D’Elikatuz zentroak bisita gidatuak eta jarduerak eskaintzen ditu horretarako propio, baina bere kabuz joaten diren taldeak ere izaten dira askotan.
Gaur bertan, herriko bertako Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako bisitari gaztetxoak ibili dira postuz postu, saltzaileak eta horien eskaintza ezagutzen, eta galdera ugari egiten. Jose Antonio Elosegiri, adibidez, sagarren inguruko galdeketa zorrotza egin diote batzuk, baita erantzun ere gabiriarrak. Besteak beste, gaur aurkeztutako berritasun bati buruz jardun die, sagar mota berri bat gehitu duelako bere eskaintzara, Goldrush izenekoa. Kiloa 3,5 euroan jarri du salgai.
Berritasun gehiago ere izan dira goizeko ferian, urriko azkenekoan, eta ziur ikasleek ere jaso dutela horien berri. Hala, Aramako Patxi Arizmendik baratxuri freskoa aurkeztu du, sorta euro batean, eta Bidania-Goiatzeko Natalia Magallanesek, bruselaza, kiloa 6 euroan.
Zeraingo Iñaki Intxaustirenetik ere pasatu dira Ordiziako gaztetxoak, eta ziur postuan arreta deitzen zuten egurrezko lan batzuei buruz galdetu diotela. Izan ere, ohiko barazki ekologikoen eskaintzaz gain, Seguran bizi den Daniel Bonikowsky lagunak egindako artelan batzuk zituen erakusgai, Madeinsegura markakoak. Egur xaflatan edo trontza xerratan argazkiak grabatzen ditu Bonikowskyk, eta Intxaustik lan hori ezagutzera emateko eraman ditu feriara.
Bisurtea, baratzerako urte txarra
Feriak izan ditu beste berezitasun batzuk ere, ez baita ahaztu behar ostiralean Santu Guztien eguna dela, eta hilerrietara eramateko lore eskaintza oparoa izan dela gaurkoan ere. Aurreko asteazkena Maria Dolores Mendizabalen eta Iñaki Azanzaren postuetan lore eta landare zentroak enkargatzeko izan zen moduan, gaurkoa enkargu horiek jasotzeko izan da, eta erosle ugari ikusi da genero berezi hori eskuetan hartuta. Hala ere, gaur oraindik enkarguak egiteko aukera izan da.
Eta urriko azken feria honetan, hilerriko loreak bezala, eguraldia ere izan da hizpide. Baserritar guztiek esan dute urarekin kokoteraino daudela, baratzak eta soroak urez beteta daudela, eta urtea, orokorrean, “desastre hutsa” izan dela, oso gogorra, “maiatzean ur asko izan genuen, udan bero falta, eta udazkenik ez dugu…”. Horrekin batera, aurten bisurtea dela ere gogoratu dute, eta bisurtea beti izaten omen da gogorra baratzarentzat.
Perretxiko ugari
Inguruko mendietan oraindik gutxi, baina Ordiziako ferian ugari daude perretxikoak, eta era askotakoak gainera. Gaur, honako eskaintza osatu dute Mikel Lasak eta Barcinak: 260 kilo onddo (18-27 euroan kiloa), 35 kilo niskalo (20€), 21 kilo ziza hori (20-22€), hamar kilo saltsa perretxiko beltz eta beste hamar kilo mendiko angula (22€ biak), bost kilo gorringo (30 €) eta bost kilo gibelburdn (28 euro). Horrez gain, Arantxa Lopetegik beste 15 kilo onddo ere jarri ditu salgai.
Fruta saltzaileen artera ere iristen dira berritasunak, eta joan den astean aurketutako Tuterako orburuekin batera (7,95-9,95 euroan dozena), Nafarroako borraja (2,95€, kiloa) eta kardua ere (3,90-4,90€, paketea) saltzen hasi dira.