Movember mugimenduak hainbat ekimen antolatu ditu Zumarragan
Goierri Moherri taldeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtero, Movember kanpainaren barne. Aurten Zumarragan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte. Movember mugimenduaren helburua gizonen osasunaren inguruan hausnartzea da. Zehazki, prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan.
Hausnarketa hori gizarteratzeko, gizonezkoei biboteak jartzea eskatzen diete. Horretaz gain, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Taberna eta dendetan itsulapikoak jarriko dituzte eta azaroaren 16an postua muntatuko dute Zumarragako azokan. Bertan, itsulapikoak jartzeaz gain, merchandising produktuak salduko dituzte. Gainera, barrabiletako minbiziari buruzko hitzaldia egingo dute eta bibotedunen argazkia aterako dute Zumarragako plazan. Hitzaldiak eta argazkiak ez dute datarik oraindik.
Zumarragako ekimenak gaur aurkeztu dituzte, Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian Movember mugimenduko Enrique Zaldua, Kike Biguri eta Felitxo Huizik eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.
Alkateak Movember mugimenduari eskerrak eman dizkio. “Movemberrek gaitz horiek agerian jartzen ditu eta zaintza bultzatzen du”. Bigurik gizonezkoak bibotea uztera animatu ditu. “Gai hau bistaratzeko modu onena da”. Itsulapikoak jarriko dituztela eta azaroaren 16an Zumarragako azokan izango direla gogoratu zuen. “Bertan, beste hainbat produkturekin batera, Rafa Gorrotxategik egindako txokolatezko biboteak salduko ditugu”. Bakuntzari, Garaguneri eta Atzegiri ere eskerrak eman zizkien. “Tabernetako pintxoetan jartzen diren txotxei biboteak jarri dizkiete, gaia gizarteratzeko”.
Horretaz gain, kirol taldeen partidetan jokalariak eta epaileak Movemberren kartelarekin aterako dira zelaira.
Huizik bilduko duten dirua ikerketara eta minbiziaren eta suizidioen prebentziora bideratuko dutela aipatu zuen. “Minuturo gizonezko batek bere burua hiltzen du. Emozioak kudeatzen eta inguruekoei gure arazoen berri ematen ikasi behar dugu”.