Zerga zuzenak izoztu eta besteak %2,3 igoko ditu Ormaiztegiko Udalak
Zaborraren tasa da salbuespena, %2,8ko igoera izango baitu. Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga kenduko dute. Hobariak aplikatuko dituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, besteak beste.
2025eko zergak arautuko dituen ordenantza onartu du aho batez udalbatzak, aste honetan egin den osoko bilkuran. Adostutakoaren arabera, zerga zuzenak izoztu egingo dituzte datorren urteari begira eta gainontzekoak %2,3 igoko dituzte. Zaborraren tasa da salbuespena, %2,8ko igoera aplikatuko baitzaio. Zergei eta tasei aplikatuko zaizkin hobarietan ere, berrikuntzak daude.
Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak azaldu duenaren arabera, Ondasun Higiezien gaineko Zergak (OHZ) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergak ez dute igoerarik izango 2025ean; «herritarren gehiengoari eragiten dioten zergak dira, horregatik erabaki da izoztea», esan du alkateak. Gainontzeko zergei «KPIaren aurreikuspenaren igoera» aplikatu zaie, hau da, %2,3a. Zaborraren tasa izango da salbuespena, %2,8 igoko baita, «Sasietak udalari ezartzen dion igoera bera», Enrikeren hitzetan.
Askotariko hobariak
Hartutako erabaki «garrantzitsuen» artean, Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga —plusbalia deritzona— erabat kentzearena ere badago. «Azken urteetan polemika asko sortu duen zerga bat da eta udalari ez dio merezi horrelakoetan sartzea», arrazoitu du alkateak.
Datorren urterako aurreikusitako berrikuntzen artean, aplikatuko diren hobariak zerrendatu ditu alkateak. Adibidez, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren barruan, urbanizazio eraikuntza eta higiezinen sustapenerako enpresen jardueren xede diren higiezinen kasuan, %30eko hobaria aplikatuko da. Familia ugariek %25eko hobaria izango dute ohiko bizilekuan; betiere gehienez, 200.000 euroko katastro balioa duten kasuetan. Azkenik, Bizigune edo antzeko programen bidez alokatutako etxebizitzei %50eko hobaria aplikatuko zaie, «hutsik dauden etxebizitzak alokairura ateratzea sustatzeko» helburuarekin.
Amaitzeko, egoera sozial edo ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonei udal txartel edo udal zerbitzu guztietan %75eko hobaria aplikatuko zaie.