Kirola eta jarduera fisikoa, orientatuta Olaberrian
Normalean aktibitate fisikorik eta ariketarik egiteko ohiturarik ez daukaten herritarrak horretan has daitezen, jarduera fisikoaren eta kirolaren orientazio zerbitzua ireki dute Olaberrian. Doan da, eta lau ordutegitan hasi da.
Urriaren erdi aldetik, Olaberrian martxan da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Orientazio Zerbitzua. Ariketa eta kirola egitera bultzatu nahi du orokorrean udal ekimen horrek, baina osasunari arreta jarrita, eta gaixotasunen edo ezinen bat tarteko, aldagai hori ere kontuan hartu beharrean diren herritarrengan pentsatuta. Izan ere, osasun zentroarekin elkarlanean bultzatu du Olaberriko Udalak Mugi Olaberria kanpaina.
Bihotzeko arazoak edo gaixotasun kardiobaskularrak dauzkatenek, adibidez, erabili ahalko dute orientazio zerbitzua. Baita mugikortasun gutxituko pertsonek ere, beren neurrira egokitutako jarduera fisikoa egin dezaten. Talde berezituak eta ordutegi jakinak sortu dituzte, orientatzaile baten gainbegiradapean eta zuzendaritzapean jardungo direnak.
Helburuak «herritar aktiboak» lortzea dela aurreratu du udalak, «sedentarismoa alboratuta eta bizitza osasuntsu batera bideratuta». Patologiak edo gaixotasunak eduki ala ez, normalean kirola edo aktibitate fisikoa egiteko ohiturarik ez duten herritarrei lagunduko diete, «jarduera fisikoa beren bizitzetan ohitura gisa txerta dezaten».
Zerbitzua doakoa da
Olaberriko herritarrek parte har dezakete Mugi Olaberria ekimenean, eta herriko bi gimnasioetan –Ihurrekoan eta kaskokoan– egin ditzakete ariketak. Zerbitzua doakoa da. Osasun zentroak eta udalak ere bideratuko ditu hara. «Zuzeneko kontsultei nahiz ikastetxe, anbulatorio eta gizarte zerbitzuetatik iristen diren kontsultei erantzungo die Oihana orientatzaileak», azaldu dute zerbitzuaren aurkezpen orrian.
Hala, aktibitaterik egin ohi ez duten olaberritarrengana zabaldu dute eskaintza. Lau ordutegi jarri ditu jarduera fisikoaren eta kirolaren orientazio zerbitzuak: herriguneko gimnasioan asteazkenetan (10:00-12:00) eta ostegunetan (18:15-20:00), eta Ihurreko gimnasioan ostegunetan (16:00-18:00) eta ostiraletan (10:00-12:00).
Informazio gehiago lortzeko, bi bide jarri dituzte: telefonoz (691 305 319) edo posta elektronikoz (gimnasioolaberria@gmail.com).