Lazkaon gazte festak, gaurtik
Triki-poteoarekin eta bertso-afariarekin hasiko da egitaraua. Emakume sortzaileen azoka bihar, eta bazkaria eta kontzertuak etzi.

Lazkaoko VII. Gazte Festak gaurtik larunbatera ospatuko dituzte, Lazkaoko Gazte Asanbladak antolatuta eta Kolpez kolpe herria sutan lelopean. Egitarau beteeneko eguna larunbata izango bada ere, gaur-biharretan ere izango da zer ikusia eta entzuna.
Sukia eta Marki trikitilariek alaitutako triki-poteoarekin hasiko dira Gazte Festak, gaur 20:00etan. Bertso afaria egingo dute 21:30ean. Bertsotan Mikel Etxezarreta olaberritarra, Aratz Igartzabal gabiriarra eta June Aiestaran beasaindarra ariko dira, Aizpea Garmendia lazkaotarrak gaiak emanda.
Bihar, ostirala, emakume sortzaileen azoka atonduko dute goizean, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, mus txapelketa (16:30) izango da, eta JTK Lazkaun taldeak taloak egingo ditu, 19:30etik aurrera. Gauean, 22:30ean hasita, musika jarriko dute hiru DJk: Gaue, Expuela eta Oihana Begana.
Bazkaria larunbatean
Betaurreko «pinpilinak» jantzita, poteoa egingo dute larunbatean lehenik (13:00). Lagunarteko bazkaria (15:00) eta ondoren bingo musikatua egingo dituzte. Elektropikala elektro-txarangak girotuko du Lazkao (19:30), eta gauean 22:00etan kontzertuak hasiko dira, lau talderekin: Bulkada, Irten-bide, Sustrai Berriak eta Balantza. Takoi karrerarekin amaituko da festa.
Plazako frontoian kokatuko dute festa gunea, txosna eta guzti. Eta igandean, berriz, 15:00etan geratuko dira txosna desmuntatzeko.