Mikele Arizkorreta legazpiarra Hitzetik Hortzeran
Bertsolaritzarekin harreman estua du aktoreak eta horri buruz arituko dira elkarrizketan Mirari Martiarena aurkezlea eta biak.
Legazpin izan da aste honetan Hitzetik Hortzerako lantaldea eta Mikele Arizkorreta aktorearekin elkartuko dira bertan. Antzerki eta telesail desberdinetan lan egin du Arizkorretak eta, laster, Go!azen telesailaren denboraldi berrian azalduko da Saioaren paperean; hirugarren denboraldia du lan horretan. Telesail horren arrakastari buruz ere arituko dira Mirari Martiarena aurkezlea eta biak.
Bertsolaritzarekin harreman estua izan du umetatik Mikele Arizkorretak. Etxetik jaso du bertsozaletasuna eta 8 urterekin hasi zen Legazpiko bertso-eskolan. Gaur egun nahi baino gutxiagotan joaten da bertso-eskolara, baina gertutik jarraitzen du bertsolaritza. Bertso-eskolan ikasitakoak aktore ibilbidean eman dion laguntzari buruz ere hitz egingo du programan.