Txerria, berriz protagonista
Txerria eta txerritik eratorritako produktuak protagonista izango dira igandeko Txerri Azokan. Bertako baserrietako produktuek eta artisautza salmentak osatuko dute Mutiloako azoka.
Txerria protagonista izango da berriz Mutiloan, igandean ospatuko duten 16. Txerri Azokan. Txerriak ikusgai izango dira, noski, bisitarien gozagarri, baina Txerri Azoka hori baino gehiago da. Txerritik eratorritako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango da; «txerria ere erreko da eta odolkiak egiten ikasteko erakustaldia ere egongo da», zerrendatu ditu Iñaki Ugalde, Mutiloako alkateak.
Herritarren ekimenez sortu zen orain ia bi hamarkada azoka. «Herri batzar batean atera zen herrian azoka bat antolatzeko ideia, eta han bertan adostu genuen», gogoratu du alkateak. Azokaren gaia aukeratzerako orduan ez zuten zalantza handirik izan, «mutiloarrak txerri gorriak izanik, txerria aukeratu genuen». Ordutik lan talde bat arduratzen da, udalaren laguntzarekin, urtero azoka antolatzeaz.
Autobus zerbitzu bereziak
Lehenengo urtean «lan dezente» egin behar izan zuten azoka antolatzeko, baina gaur egun, ia bakarrik antolatzen da zentzu batean, «ekoizleek dagoeneko ezagutzen dute azoka eta askok aurretik deitzen digute etorriko direla baieztatuz».
Txerria eta txerrikiak izango dira protagonista, baina bestelako salgaiak ere izango dira, «inguruko baserritarrek barazkiak, sagarrak… ekarriko dituzte. Beñat Telleria mutiloarrak ere gazta salduko du», azpimarratu du Ugaldek. Askotariko artisautza produktuak ere izango dira aukeran, azokaren osagarri.
Bisitariak ere ugariak izan ohi dira, inguruko herrietatik ez ezik, «eskualdekoak izaten dira nagusiki baina Tolosaldetik edo Gasteiztik ere etortzen dira». Goierritik Mutiloara gerturatu nahi duten horientzat autobus zerbitzu bereziak izango dira. Lazkaotik Mutiloara 9:30ean eta 11:00etan irtengo da, tartean, Ordizian eta Beasainen ere geldialdiak egingo dituelarik. Zegamatik ere beste linea bat gerturatuko da Mutiloara, 10:15ean eta 11:45ean. Seguran eta Zerainen ere geldituko da.