«Mikro kontaketak gustatzen zaizkit, istorioa hitz gutxitan kondentsatu behar delako»
Apatxo liburu dendan Markos Manchadoren liburuak daude salgai. Legazpin jaio eta Parisen bizi den idazlea da.
Umetan alde egin zuen, baina orain Parisen bizi den Markos Manchado Mateos idazleak (Legazpi, 1986) ez du ahazteko bere herria. Hiru eleberri idatzi ditu, eta hiruetan aipatzen du Legazpikoa dela bere biografian.
Legazpin jaioa al zara?
Bai, baina gurasoak Leon eta Extremadurakoak dira, eta nik 7 urte nituenean Legazpitik joan ginen. Hala ere, aztarnak hor ditut, eta ahal izan dudan guztietan itzuli naiz. Nire liburuetan ere jaso dut Legazpiren zati txiki bat. Oraindik familia dut herrian, izeba bat eta lehengusu bat. Lehengusuaren bidez iritsi dira nire liburuak Legazpira.
Orain Parisen bizi zara.
Legazpitik Andaluziara joan ginen, aitaren aldeko aiton-amonak hangoak zirelako. Gero Extremadurara. Salamancan eta Madrilen bizi izan naiz, eta orain Parisen nago. Nahiko ibiltaria naiz.
Zein da zure lanbidea?
Salamancan nengoen bitartean Hispaniar Filologia ikasi nuen, eta gero Psikologia, psikolinguistikak erakarrita. Psikologo kliniko gisa hasi nintzen lanean, eta AEN-TEA Autismoaren Espektroaren Nahasmendua duten pertsonen laguntzan espezializatu nintzen. Eta pertsona horiek, zoritxarrez, sexu indarkeria gehiago jasaten dutenez, Sexologia ere ikasi nuen, alor horretan ere laguntzeko. Orain nire kontsulta propioa dut, eta banakako eta bikoteko terapia egiteaz gain, prestakuntza ere ematen dut, eta hitzaldiak ere egiten ditut.
«Idazketaren harra betidanik dut barruan sartuta, eta gaztetan, tarte bat hartzen nuenean, idatzi egiten nuen»
Horrez gain, idatzi egiten duzu.
Idazketaren harra betidanik dut barruan sartuta, eta gaztetan, tarte bat hartzen nuenean, idatzi egiten nuen. Nire lehen eleberria, iaz argitaratu nuen Mi nombre es Aliz, 17 urte nituela idatzi nuen.
Lan gehiago idatzi dituzu?
Idatzi, eta argitaratu. Oraintxe atera da Adiv, gaztelerazko ‘vida’ hitza alderantziz idatzita. Eta laster irtengo da La ultima semana.
Eleberriak dira hirurak?
Eleberri laburrak. Misterioa lantzen dut lehenengo bietan. Lehena poliziakoa da, eta bigarrena, Adiv, fikziozko zientziazkoa.
Avant argitaletxearekin kaleratu dituzu.
Argitaletxe horrek antolatzen duen lehiaketara aurkeztu nintzen, eta irabazi ez arren, lana gustatu zitzaiela eta haiekin argitaratu nezakeela esan zidaten. Baietz erantzun, eta beraiek arduratu ziren argitaratzeaz eta banaketaz.
Non erosi daitezke zure lanak?
Interneten eta liburu denda fisikoetan. Legazpiko Apatxon ere badaude salgai, adibidez.
«Ondo hitz egiten dut frantsesa, baina nire ama hizkuntza espainola da, eta erosoago sentitzen naiz hizkuntza horretan idazten»
Parisen bizi zara, baina espainolez idazten duzu.
Bai. Ondo hitz egiten dut frantsesa, baina nire ama hizkuntza espainola da, eta erosoago sentitzen naiz hizkuntza horretan idazten. Espainolez idazten hasi nintzen, eta espainolez idazten jarraitu dut. Mikro kontaketak eta kontaketa laburrak ere idatzi ditut, lehiaketa desberdinetara aurkezteko, beti espainolez.
Lehiaketak aipatuta, Zaragozako epitafioena irabazi zenuen.
Internet bidez izan nuen lehiaketa horren berri. Arreta deitu zidan, eta parte hartzea erabaki nuen, umore tonua erabilita. Mikro kontaketak gustatzen zaizkit, imajinazioa askatu eta hitz gutxitan kondentsatu behar delako istorio bat. Extremadurako Boluntarioen Plataformak antolatutako ipuin laburren hirugarren lehiaketa ere irabazi nuen, gaztetan AEN-TEA dutenekin egindako boluntario lanean oinarritutako Alvaro lanarekin.
Proiektu gehiago ba al duzu?
Bai, bi eleberri, pertsonalagoak, eta denbora gehiago hartuko dut horiek idazteko, emozio gehiago daudelako jokoan, eta luzeagoak izango direlako.