Legazpin lau furgoneta bete dira laguntza materialarekin, Valentziara bidaltzeko
Herriko gazte kuadrilla batek antolatu zuen bilketa larunbat arratsalderako, eta legazpiarren erantzuna paregabea izan da.
Valentzian gertatutako hondamendiaren kaltetuei laguntzeko asmoz, Legazpiko gazte kuadrilla batek laguntza materiala biltzeko deialdia egin zuen larunbat eguerdian sare sozialen bidez, eta egun bereko iluntzean lau furgoneta betetzea lortu zuten, legazpiarren erantzun paregabeari esker. Donostian egiten ari ziren bilketa gunera eraman zuten guztia gero, Anoeta estadiora, eta handik astean zehar abiatuko da materiala, boluntario batzuk jarritako kamioietan.
Azokan egin zuten bilketa, 19:00etatik 21:00etara, eta jende ugari hurbildu zen eskatutako materialarekin: ura, esnea, kontserbak eta lekaleak edo arroza bezalako janari ez galkorra, higiene produktuak, pixoihalak, konpresak, ura, komuneko papera, katu eta txakurrentzako janaria…
Lagunen, familiakoen eta Hotz Legazpi elkarteko kideen laguntza izan zuten Legazpiko gazteek, eta udaltzainek ere lagundu zuten bilketa gunera kotxez joandakoekin.
Txundituta daude legazpiarrek erakutsitako elkartasunarekin.