Movember Legazpi taldeak sentsibilizazio ekitaldiz bete du azaroa
Hilabete osoan zehar kalean izango dira, gizonezkoen gaixotasunak ikusarazteko helburuz. Ilinti elkarteak eta Garaguneak ere kolaboratu dute.
Movember Legazpi taldeak ekintzaz bete du azaroa, prostata eta barrabiletako minbiziaren eta osasun mentalaren inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin. Joan den ostiralean egin zuten taldearen aurkezpenena herriko sarreran bibote eta guzti argazki bat aterata, eta ekitaldi horien berri eman zuten.
Legazpiko Movember taldeak Ilinti merkatari elkartearen eta Garaguneko erabiltzaileen laguntza izan du egitaraua osatzeko, eta gaur goizean materiala banatu die, kanpaina elkarrekin garatzeko.
Larunbatean, hilak 9, kalera aterako dira taldeko kideak arratsaldean, Subeltza eguneko ekitaldiak baliatuz, eta Txomineneko pasabidean postu bat jarriko dute photocall bat egiteko eta txapak, kamisetak eta beste saltzeko. 18:00etatik 20:00etara egongo dira. Hurrengo larunbatean, hilak 23, Santa Zezilia kontzertuaren egunean, berriz jarriko dute postua toki berean, ordutegi berarekin.
Hilaren 27an, asteazkena, Hegialdeko pintxo-potean izango dira, “pintxobibopoteoa” egiten, 19:00etatik aurrera.
Amaitzeko, hilaren 29an, ostirala, eta azoka eguna dela aprobetxatuz, Ilintirekin eta Garagunearekin batera hilabetean zehar egingo duten kanpainaren sariak banatuko dituzte, 12:00etan, Euskal Herria plazan.
Momentuz horiek dira gizonezkoen gaixotasunen inguruan sentsibilizatzeko antolatu dituzten ekintzak, baina gehiago ere izango direla iragarri zuten ostiralean. Besteak beste, hitzaldi bat prestatzeko asmoa dute, urologo bat gonbidatuta.