Urrian, erabakiz beteriko osoko bilkura Legazpin
Besteak beste, kale garbiketa zerbitzua Seula enpresari esleitzea erabaki dute, eta kirol alorreko diru laguntzen oinarriak finkatu dituzte.
Urrikoa, erabakiz beteriko udalbatza izan zen Legazpiko Udalean. Gai zerrendako puntu guztiak aho batez onartu zituzten joan den asteazkenean egindako bilkuran.
TEK Legazpi energia komunitaterako lanak eta instalazioak interes berezikotzat izendatzea onartu zuten, batetik. Horren ondorioz, besteak beste, %95eko hobaria jasoko dute eraikuntza, instalazio eta obretako zergan.
Hiriko taxi zerbitzuaren 2025erako tarifak ere onartu zituzten, Agitax elkarteak proposatutako %2,9ko igoera aplikatuz.
Kale garbiketa zerbitzuaren esleipena ere urriko udalbatzak onartutako puntuen artean zegoen. Zerbitzu hori Zaragozako Seula enpresari esleitu dio udalak 334.000 euroko kostuarekin, eta lau urte gehi bateko iraupena izango du.
Kirol arloko laguntzak
Kirol arloko diru laguntzetarako deialdiak eta oinarriak ere onartu zituzten joan den asteazkenean. Diru laguntza programa honek hiru lerro ditu, eta kirol federatuaren, eskola kirolaren eta eliteko kirolarien arloetakoak dira.
Kirol federatuan materialaren kostua, emakumeen fitxa kopurua eta bolak eta pilota kirol autoktonoetako fitxak hartuko dituzte kontuan diru laguntzak ematean. Eskola kirolean ere lizentzia kopurua izango dute kontuan, eta horien artean emakumezkoena sarituko dute, Azkenik, elite kirolariei zuzendutako diru laguntzak, besteak beste, federazioko tramiteak egitera eta estatu edo estatuz kanpoko norgehiagoketa ofizialetara joateko garraio gastuetara bideratuko dituzte.
Plenoak, bideoan
Legazpiko Udalak udalbatzen bideo aktak egiten ditu, eta ikusgai jartzen ditu www.legazpi.eus webgunean, Udala atalean. l