Goierri eta Donostia egunero autobusez lotzeko aukera mahai gainean
Azahara Dominguez Mugikortasun diputatua Beasain, Ordizia eta Zumarragako alkateekin bildu da. Gipuzkoako aurrekontuak onartzen badira, udaberritik aurrera Goierrik Donostiarekin konexioa izango du Lurraldebusen bitartez.
Gipuzkoako aurrekontuak onartzen badira, udaberritik aurrera Goierrik Donostiarekin konexioa izango du Lurraldebusen bitartez. Hala jakinarazi die Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Beasaingo alkate Leire Artolari, Ordiziako alkate Adur Ezenarrori eta Zumarragako alkate Mikel Serranori. Orduero egongo da zerbitzua astelehenetik ostiralera (06: 00etatik 21:00etara), eta bi ordutik behin larunbat eta igandeetan (08:00etatik 22:00etara). Azaldu duenez, departamentuak “ahalegin eta aurrekontu-apustu argia” egin duela linea hori martxan jartzeko.
Autobusa Zumarragatik abiatuko da eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo ditu geldialdiak Donostiara iritsi aurretik. Bertan, Ibaeta auzotik sartuko da eta unibertsitateetan, Benta Berrin eta autobus geltokian geldituko da.
Eskumenekin oztopoa
Diputatuaren esanetan, hark gidatzen duen departamendua “duela hilabete asko” ari da lanean egoera honi irtenbidea emateko. Udaberrian izan zituzten lehen harremanak Nafarroako Gobernuarekin, hura baita N-I errepidean zerbitzua emateko eskumena duen erakundea. “Eskumenen oztopoa gainditu eta konponbidearen bideragarritasun juridikoa ziurtatu ondoren, departamentuak bere aurrekontuetan linea berri hori Lurraldebusen zerbitzuan sartzearen aldeko apustua egitea erabaki du, eta, horrela, aldarrikapen historiko bati erantzutea, orain arte Goierri Donostiarekin autobus bidez konektatuta ez zegoen lurraldeko eskualde bakarra baitzen”.
Aldarrikapen historikoa
“Linea berri honekin aldarrikapen historiko bati erantzuteaz gain, lurraldean eskaintzen dugun garraio publikoaren zerbitzuak jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dezan laguntzen dugu; izan ere, azkenean, Lurraldebusen zerbitzua gure eskualde guztietara iritsiko da, goierritarrek eta hiriburutik Goierrira joaten diren pertsonek orain arte pairatzen zuten arrakala handia gaindituz”, adierazi du Azahara Dominguez diputatuak.
Gipuzkoa kohesionatuagoa eta arlo sozialean justuagoa izateko, “garraio publiko jasangarria, erosoa, segurua, irisgarria eta lehiakorra” behar dela nabarmendu du, “gipuzkoarren benetako beharretara” egokituko dena. “Lanean jarraituko dugu zerbitzu honek jendearen beharrei erantzun diezaien. Linea berri horri esker, gainera, erabiltzaile gehiago fidelizatu ahal izango ditugu, eta horiek ez dute ibilgailu pribatuaren beharrik izango Goierrira edo Donostiara joateko. Gainera, autorik ez duten pertsonek berme guztiak dituen autobus-zerbitzua izango dute aurrerantzean, mugikortasun iraunkorra izateko duten eskubidea bermatuz”.