Goierriko hamar udalek jasoko dute landa bideak berritzeko foru dirua
Denera 238.000 euro bideratu ditu aldundiak hamasei bide berritzeko. Landa garapeneko proiektuetarako laguntza ere banatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta landa eta herri bideak berritzeko udalek egin dituzten inbertsioak amaitzeko epea iritsi da. Aldundiak abuztuan atera zuen diru laguntzen 2024ko deialdiaren ebazpena, eta urriaren 31ra arte eduki dute udalek beren proiektuak gauzatzeko garaia. Herrialde osorako denera 1,3 milioi euroko diru saila izendatu zuen Lurralde Oreka Berdeko departamentuak, eta udalerriek aurkeztutako bide berritze proiektuen artean aukeratu zituen laguntzeko.
Goierriko hamar udalek jaso dute diru laguntzaren bat, inbertsioaren %45etik 75era arteko finantzazioa suposatu dietenak. Hamasei bide berritu edo konpondu dituzte, modu horretara. Guztira 238.392,74 euroko laguntza jaso dute udal horiek. Gipuzkoako diru laguntza osotik %18,33 iritsi da Goierrira. Udal eskatzaile bakoitzari gehienez 35.000 euro eman dizkio aldundiak, proiektu bat baino gehiagoren artean banatzeko, hala baldin baditu.
2024ko ekitaldiaren kargura lagundutako inbertsioak urriaren 31 baino lehen gauzatu eta justifikatu behar zituzten udalek. 2025eko ekitaldiaren kargura lagundutako inbertsioak, berriz, 2025eko irailaren 15a baino lehen egin beharko dituzte.
Onartutako proiektuen alboan, ezeztatutakoak ere izan dira; 16 egitasmo ez ditu diruz finantzatu aldundiak. Oinarrietako baldintzak bete arren, «behar adina baloraziorik» ez dute izan Goierriko 12 erakundek eskatutako 14 bide proiektuk.
Horiez gain, beste bi ere atzera bota ditu aldundiak: gehieneko zenbatekoa gainditu delako, Ataungo Iturriotz-Sorotxoeta bidearen kasuan; eta, entitatea ezin izan daitekeelako onuradun, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrak aurkeztutako Urbia-Oltza bidea berritzeko proiektuaren kasuan.
FINANTZATUTAKO PROIEKTUAK
- Ataun. 30.754,30 euroko laguntza (2025eko ekitaldiaren kargura). Orlatzaundi bideak 33.976,80 euroko kostua, eta %65eko laguntza (22.084,92). Iturriotz bideak 13.337,50 euroko kostua, %65 laguntza (8.669,38).
- Beasain. 21.780 euro (2025eko ekitalditik), bi inbertsioaren %45na finantzatzeko: Gantzarain bidea, 24.533 kostua eta 11.039,85 laguntza; eta Arrieta baserri bidea 23.867 kostua, 10.740,15 laguntza.
- Ezkio-Itsaso. 34.838,03 euro, hiru proiekturen %75. Atinbarrena bidea (12.486,10 inbertsioa, 9.364,58 laguntza); Arane-Zelaa bidea (27.835,80 eta 20.876,85eko laguntza); eta Mendeun bidea (6.128,80 eta 4.596,60).
- Gabiria. 32.941,80, Troia bidean inbertsioa 43.922,40, laguntza 32.941,80 euro.
- Itsasondo. 13.062,30, bi proiekturen %75. Urkiko bidea (13.105,20/ 9.828,90); eta Lizardi bidea (4.311,20 / 3.233,40).
- Legazpi. 23.695,82, bi inbertsiotan %55na finantzatua. Saletxe bidea (7.747,40 / 4.261,07) eta Makatza Etxeberri (35.335,90 / 19.434,75).
- Legorreta. 4.939,22, Berostegi-Olalde bidearen %65 finantzatzeko (7.598,80 inbertsioa).
- Mutiloa. 35.000, Urbizuaran zahar eta berri, Eguzkitza, Zubi Ondo eta Sutegi baserrietarako bideak berritzeko. Inbertsioa 49.974,20, laguntza %70.
- Zaldibia. 6.381,27, Ernaitza biderako: 9.817,34 inbertsioa, laguntza %65.
- Zegama. 35.000, Egurtze Moleo bidea; inbertsioa 109.534,80, laguntza %32.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, landa garapeneko proiektu batzuk ere diruz lagundu ditu, Lurralde Oreka Berdeko departamentuak ebatzita. 2024ko deialdian, guztira 800.000 euro emango ditu, udalek gauzatuko dituzten inbertsioen lagungarri. 2024ko ekitaldiaren kargura lagundutako inbertsioak 2024ko azaroaren 15a baino lehen gauzatu eta justifikatu beharko dituzte udalek; eta 2025eko ekitaldiaren kargura lagundutako inbertsioak, 2025eko urriaren 15a baino lehen. Goierriko sei eskatzaileren zazpi proiektu laguntzeko, guztira 185.173,12 euro bideratuko ditu foru aldundiak. Proiektu bakoitzak %65eko foru finantzazioa izango du. Diru laguntza osoaren %23,14 iritsiko da Goierrira.
Altzagak baserri atariak argitzeko eta herri bizitzarako baliabideetarako (37.933ko inbertsioa, 24.656ko laguntza), Artzai Gazta Kooperatibak ‘Digigazta’-rako (7.015 euroko laguntza), Ezkio-Itsasok Alegiako gune erabilanitzerako (23.037) ,Gabiriak Aztiriko erretegiko biltegirako (29.468), Goimen elkarteak makinaria zerbitzurako (71.500) eta Mutiloak Errotatxoko Lurlab egokitzeko (21.621) jasoko dute laguntza. Zazpi erakunderen beste bederatzi lan alboratu ditu.