Goierritik Ablitasera
Errigora proiektua Euskal Herriko auzolanik eta elkartasun ekintzarik handienetako bat da. Saskiak osatzera joango dira larunbatean hainbat goierritar Ablitasera. Hilaren 14ra arte eskatu daitezke saskiak.
Auzolan mota ugari daude, eta Euskal Herrian egiten den auzolan handienetariko bat, Errigora proiektuarena da zalantzarik gabe. Nafarroa erdi-hegoaldeko ekoizleek produktuak landu eta ekoitzi, Euskal Herriko herrietako eragileek saltzeko kanpaina egin, kate lanean kaxak osatu, herrietan kaxen banaketa egin, Euskal Herriko sukaldeetaraino iristeko auzolan erraldoia. Udazkeneko kanpaina azaroaren 14an amaituko da. Saskiak eskatzeko aukera dago Errigora.eus webgunean, eta Goierriko herri gehienetan.
Joxe Arotzena eta Jule Aranburu bikotearentzat urteroko plana bilakatu da azaroko asteburu bat Nafarroa hegoaldean pasatzea, Errigorako saskiak betetzen eta prestatzen. Aurten azaroaren 9ko asteburuan dute hitzordua. Euskal Herriko txoko desberdinetako herritarrak biltzen dira bertan. «Batzuk egun pasa joaten dira larunbatean, baina gu ostiraletik joaten gara. Ostiralean Tuterako euskaltzaleak elkartzen diren elkarte batean afaria egiten dugu». Hurrengo egunean, Ablitasera joaten dira, «oso ondo antolatuta» izaten duten kate lanarekin, milaka eta milaka kaxa prestatzeko. «Aurten pixka bat zailagoa izango da, berriro ere hiru saskiko eskemara itzuli garelako. Oso ondo antolatuta daukate. Kate baten moduan joaten gara kaxak betetzen eta ixten». Bazkaria ere egiten dute denek elkarrekin.
«Niretzat pertsonalki oso polita izaten da ekoizleekin hitz egitea. Esaten digutenez, Errigorari esker, itxita zeuden esplotazio asko eta asko ireki dituzte»
Joxe Arotzena. Errigorako boluntarioa
Arotzenaren esanetan, «harrotasun puntu bat ematen die nafarrei hainbeste jende biltzea eta ikustea badagoela mugimendu bat beraien atzetik». Ekoizleekin ere harreman zuzena izaten dute eta Arotzenarentzat horixe da politena: «Niretzat pertsonalki oso polita izaten da ekoizleekin hitz egitea. Esaten digutenez, Errigorari esker, itxita zeuden esplotazio asko eta asko ireki dituzte. Gazteak ere berriro animatu egin dira ekoiztera eta batez ere ekologikoan lan egitera. Ekoizleentzat jakitea beraiek modu horretan ekoizten dutena Euskal Herrian bertan saltzea bermatuta dutela, izugarria da».
Saski baten balioa
Beraz, Arotzenak garbi du zeinen garrantzitsua den egunotan Errigora saski bat erostea: «Beharbada ez gara konturatzen Errigora proiektuak zenbateroinoko garrantzia daukan, baina saski bakoitzak duen balioaren %25a zuzenean joaten da bertako euskara mugimendua bultzatzera. Diru asko da». Iaz, 14.000 saski baino gehiago banatu zituzten Euskal Herriko etxeetan. Ondorioz, iaz 185.000 euroko diru ekarpena bideratu zen AEKra, ikastoletara, Sortzen-era eta Agerraldia elkartera. Aurtengoak kontatu gabe, Errigora proiektuaren lehen 10 urte hauetan, guztira bi milioi eurokoa izan da euskalgintzari egin zaion ekarpena.
Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuz osatutako hiru saski jarri ditu aurten aukeran Errigorak: saski beltza, berdea [ekologikoa] eta gorria. Azaroaren 14ra arteko epea dago saskiak eskatzeko.
Saski beltzak 55 euro balio ditu eta piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak izango ditu barruan. Saski berdea, berriz, 65 eurokoa da, ondorengo produktu ekologikoz osatua: piperrak, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo-ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, teila eko eta haritz ardo beltza.
75 euroko saski gorria, azkenik, ardo apartsua Rosé, ardo beltza kriantza, ardo txuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molineritoak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi-gaztarekin osatuko da