Ataundarrek San Martin auzoko festak ospatuko dituzte, bihartik
Txupinazoaren ondoren patata-tortilla lehiaketa egingo dute. Kuadrillen eguna etzi da, mozorrotuena zein umeena larunbatean.
Ataungo urteko azkeneko jai nagusiak bihartik astelehenera bitartean ospatuko dituzte, San Martin auzokoak. Bost eguneko egitaraua, ohi bezala, txupina jaurtita eta patata-tortilla lehiaketarekin eta afariarekin hasiko da, bihar. Lehiaketan binaka egin beharko dira tortillak –lekuak mugatuak dira, eta parte hartzeko txartelak erosi behar ziren aurrez–. Osagaiak antolakuntzak emango dizkiete, eta ordubetean (19:00-20:00) egin beharko dute, epaimahaira aurkezteko. Ondoren, tortilla horiekin berekin afalduko dute. Jon Plazaola umoregile urretxuarrak girotuko du gaua, bakarrizketa batekin.
Kuadrillen egun handia ostiralean izango da. Karropoteoa, bazkaria, elektro-txaranga, kontzertua eta afari autogestionatua egingo dituzte.
Musika kontzertuei dagokienez, ostiralean Muxutruk erromeria taldeak joko du, iluntzean baita Patxangoi elektro-taldeak ere Oargin. Larunbaterako, bi talderen kontzertua jarri dute: Ameba lehenik, eta Mugi Panderoa taldearen erromeria gero.
Bertsolarien jaialdia ere izango da, igande arratsean. Iban Urdangarin herritarra, Maialen Akizu urretxuarra, Joanes Illarregi leitzarra eta Maddi Aiestaran beasaindarra dira kantuan, Iker Iriartek gaiak jarrita.
Lehiaketa ugari
San Martin jaietako bereizgarrietako bat mondeju lehiaketa da. Igande eguerdian jokatuko da Ataungo XII. Mondeju Lehiaketa, karpan, Jentilbaratza elkarteak antolatuta. Ataundar guztiek parte har dezakete, izena biharko emanda (649 011 292 edo 686 89 25 07). 50na euroko dieta jasoko du bakoitzak.
Mondejuak, egosita eta beren saldatan, igandean 11:00etarako aurkeztu beharko dituzte plazara. Korda bat bost mondejurekin eraman behar du bakoitzak. Epaimahaikoak 12:30ean hasiko dira lanean. Usaina, zaporea, ebaketa eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina hartuko dituzte kontuan. Hiru sari banatuko dituzte, 150 euro, 120 eta 100ekoak. Jendeak ere izango du mondejua jateko aukera.
Ez da lehiaketa bakarra izango. Igande goizean, Ataungo 20. Argazki Rallyra aurkeztutako lanen erakusketa jarriko dute. Artzain txakurren lehiaketa ere egingo dute, astelehenean. Aizkoate elkarteak, bere aldetik, urtero bezala toka eta mus txapelketak antolatu ditu, larunbaterako. Toka goizean izango da, umeena 11:00etan eta helduena 12:00etan. Aurreneko hiruna sailkatuek edukiko dituzte sariak, dirutan, garaikurrak edota opariak.
Arratsaldean, berriz, museko txanda izango da (16:00). Ataunen jaioek edo bertan bizi direnek parte har dezakete. Izena 15:30etik 15:45era eman behar da (20 euro bikoteko). Zortzi erregera, eta zortzi hamarreko hiru ustelera da jokoa. Lau bikote onenak sarituko dituzte. Irabazleek txapelak, 150 euro, bi otordu, 50 euro gasolinatarako eta opariak; bigarrenek 100 euro, txuletak eta edariak; hirugarrenek 70 euro, saskiak eta sagardoa; eta laugarrenek 50 euro eta edariak jasoko dituzte.
Bihar, osteguna
- 17:00. Txupinazoa, purrarekin.
- Gero. Buruhandiak, txokolatea.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- 21:00. Afaria, karpan.
- 22:00. Jon Plazaolaren ‘Tutum Platz’ bakarrizketa.
Ostirala, kuadrillen eguna
- 10:00. Puzgarriak.
- 13:00. Kuadrillen juntadizoa plazan, eta karropoteoa.
- 14:30. Kuadrillen bazkaria.
- 17:00. Haurrentzat olinpiadak.
- 18:00. Patxangoi elektro-taldea.
- Ondoren. Kontzertua, Oargin.
- 21:00. Afaria.
- 23:30. Muxutruk taldea.
Larunbata, mozorrotuen eta haurren eguna
- Goizean. Herriko txistulariak.
- 11:00. Haurren toka, Aizkoaten.
- 12:00. Buruhandiak.
- 12:30. Toka helduentzat.
- 13:30. Haurren bazkaria.
- Ondoren. Ume jolasak.
- 16:00. Mus lehiaketa, Aizkoaten.
- 16:00. Xaibor disko-festa.
- 17:00. Futbitoko finala.
- 18:00. Mozorrotuen juntadizoa.
- 19:00. Sagardo dastaketa.
- 21:30. Herri afaria.
- 23:30. Ameba eta Mugi taldeak.
Igandea
- Goizean. Argazki erakusketa.
- 11:30. Sortzaile eta artisau azoka.
- 12:30. XII. Mondeju Lehiaketa.
- 12:30. Kantu poteoa.
- 17:30. Otsoak dantza taldea.
- 19:30. Bertsolari jaialdia.
Astelehena, San Martin
- 12:00. Haurrentzako mahai-futbol txapelketa.
- Meza ondoren. Jubilatuentzat salda eta mokadua.
- 13:00. Artzain txakur lehiaketa.
- 16:00. Bizikleta gymkana.
- 17:15. Haurrentzat askaria.