Elkartasun uholdea Valentziara
Valentzian DANAk eragindako kaltetuei laguntzeko material bilketak egiten ari dira Goierrin. Kaltetutako tokian dauden goierritarren arabera, «ikaragarria» da gertatutakoa.
Astebete pasa da uholdeek Valentziako (Herrialde Katalanak) hainbat herri txikitu zituenetik. 200 hildakotik gora, ehunka desagertu eta txikitutako herriak utzi ditu DANAk. Goierrin kaltetutako tokietara bidaltzeko material bilketak antolatu dituzte.
Mikel Alvarez beasaindarra Valentziako Puerto de Sagunton bizi da. «Gu berez, ondo gaude. Sagunton ez da ezer ere gertatu. Baina ondoko herrietan hondamendia dago. Argazkietan eta bideoetan ikusten dena baino hondamendi handiagoa. Dena dago geratuta. Emergentzia egoera batean gaude». Ostiralean Aldaia herrira joan zen, «etxeak, denda, kotxeak, kaleak, eskolak… herri osoa txikituta dago», dio. Adibide bat jarri du: «Beasainen, Porteriatik kiroldegira arteko dena txikituta egongo balitz bezala».
«Argazkietan eta bideoetan ikusten dena baino hondamendi handiagoa. Dena dago geratuta. Emergentzia egoera batean gaude»
Mikel Alvarez. Valentzian bizi den beasaindarra
Larunbatean Sedavin izan zen. «Familiekin hitz egiten aritu ginen eta daukaten inpotentzia ikaragarria da. Batetik, langile profesionalak ez direlako garaian iritsi. Eta bestetik, alarma gorriaren abisua berandu jaso genuelako. 18:00etan sekulako kaosa zegoen eta jaso genuen lehenengo abisua 20:00etan izan zen». Alvarezen esanetan, «asko kostatuko da honi buelta ematea. Kezka daukate hemendik hilabetera nor gogoratuko den komertzio eta familia asko nola dauden. Abandonatuta sentitzen dira, bai gobernuaren aldeko laguntzagatik, eta bai erakundeetako laguntzagatik».
Zaldibiatik
Azaroaren 2an zaldibiarrek emandako palak, katiuskak, erratzak… bildu, alokatutako furgoneta bete eta igandean Valentziara joan ziren Zaldibian bizi diren Valentziako Santi Gasso eta Alacanteko Raquel Andres bikotea. Gaur eguerdian itzuliko dira egun hauetan Zaldibiatik eramandako materiala Catarroja, Beniparrel eta Albal herrietan banatu, eta garbiketa lanetan lagundu ondoren. Ordiziako Sindikatuak emandako 300 euro eta Biziolan bildutako 900 euro ere eraman dituzte.
«Txikituta dago dena, txikituta dago jendea. Jendea ezer gabe dago. Etxeak hutsik dauzkate. Baina beste gune batzuetan, etxerik ere ez dute. Etxe osoak eraman ditu urak»
Raquel Andres. Zaldibian bizi den alacantdarra
Han aurkitu dutena, «izugarria» da, «desastre bat, deskribaezina», dio Andresek. «Txikituta dago dena, txikituta dago jendea. Jendea ezer gabe dago. Etxeak hutsik dauzkate. Baina beste gune batzuetan, etxerik ere ez dute. Etxe osoak eraman ditu urak». Hitzak bilatzea kostatu egin zaio Andresi: «Desesperazioa, sumindura, amorru handia dago. Baina erresilientzia ere bai. Haurren barreek alaitasuna eman dute, eta elkarri asko laguntzen ari dira. Asko-asko eskertzen dute kanpotik iristen den laguntza. Estatuko toki guztietako jendea dago hemen. Oso eskertuta dago jendea».
Kalte psikologikoa ere ikaragarria dela nabarmendu du: «Jendeak gorpuak aurkitu ditu kalean. Batzuk, pertsona helduak batez ere, gorpuekin bizi izan dira bi egunean, etxetik atera ezin zutelako».
Beasaindik
Goierrin material bilketa puntu ugari jarri dituzte. Beasainen, adibidez, Goierri Bidaiak establezimenduan ari dira DANAren kaltetuentzako janari eta material bilketa egiten. Ane Zurutuza ari da bilketa koordinatzen. Valentziarra den bezero baten bidez hasi dira. Bihar, 18:00etan hasiko dira kamioia kargatzen eta iluntzean abiatuko dira. Hamar lagun elkartu dira eta pertsonalki joango dira materiala eramatera. Tartean bi erizain daude. Materiala eramateaz gain, igandera arte geldituko dira DANAk gehien kaltetu dituen herrietan laguntzen.
Herritarrak eskertzeaz gain, Zurutuzak eskerrak eman nahi izan dizkie Tximelari «garraioa eta gasolioa jarri dituztelako», Igor Odriozola eta Elosegi farmaziei, medikamentuak eta haurrentzako materiala eman dituztelako, Coviran supermerkatuak janaria eman duelako eta Bazar Txinak ere «material pila bat» eman duelako.
Ordiziatik
Ordiziako errugbi taldea ere elkartasun bilketa egiten ari da. Atzo egin zuten, eta bihar ere izango dira bilketa egiten, Altamira estadioaren kanpo aldean. Taldekide duten Victor Gavin valentziarraren bidez ari dira kudeatzen, eta asteburuan, Iñigo Navarro, Oier Goia, Beñat Azurmendi eta Brian Gonzalez errugbilariak Sedavi eta Benetuser herrietara joango dira Ordizian bildutako materiala eramatera.
Argazkiak
Mikel Alvarezek eta Raquel Andresek kalteen argazkiak bidali dituzte GOIERRIKO HITZAra: