Elkartasun uholdea Zegamatik Chivasera
“Uste baino” material gehiago jaso dute aste honetako deialdian. Ostiralean Joseba Berasategi herritarrak eramango du Valentziara Zegaman bildutakoa bere kamioian.
Zegamarrek bilketa masiboa egin dute aste honetan, DANAk kaltetutako herriei elkartasuna adierazi eta laguntza helarazteko. Astelehen eta astearte arratsaldean bildu zituzten udaletxeko arkupeetan jatekoak eta beharrezko materiala. “Uste baino gauza gehiago” bildu dituzte herrian Denis Perez Zegamako Udaleko zinegotziak adierazi duenez, “jendeak badauka oraindik borondatea”, azpimarratu du.
Joseba Berasategi zegamarrak eramango du bildutako guztia bere kamioian ostiral arratsaldean irtenda. Perezek adierazitakoaren arabera, Zegaman bildutako guztia Chivas herrian (Valentziako Erkidegoa) banatuko dute, “harreman zuzena daukagu hango bi herritarrekin eta beraien bitartez banatuko dugu herrian bildutakoa”, azpimarratu du.
Momentuz, eta gauzak argitu bitartean, ez dute bilketa gehiagorik deituko.