Subeltza eguna, lokaletako taldeen uzta erakusteko
Azaroaren 9a, larunbat hau, Subeltza Eguna izango da Legazpin, herriko musikariek egiten duten lana ezagutzeko eguna. Bikuñako musika pabiloian entseatzen duten taldeek antolatu dute beste behin, udalak eskainitako lokalen erabileraren truke. Lehena 2008an izan zen, eta 2014an, 2016an, 2017an, 2018an, 2019an eta 2022an ere ospatu da.
Aurten ere herriko musika taldeak izango dira protagonistak, kanpoko gonbidatu batekin, eta eguerdian hasi eta goizaldera arte luzatuko den festa eskainiko dute, Nafarroa kalean eta Azokan.
The Keller’s talde hasi berriarekin batera, Oxida, Loak, Akerren Seinale, Xaukena, Emaion, Wayside eta horiekin alderatuz askoz ere eskarmentu handiagoa duen Elbereth mitikoa ariko dira jotzen egunean zehar, Whäldemar bizkaitarrekin batera.
Talde guztien emanaldiak izango dira bereziak, baina Elbereth talde beteranoarena are bereziagoa izango da, Andoni eta Iñurri gogoratzeko kaleratu berri duten Omen diskoa legazpiarren aurrean aurkeztuko dutelako.