The Keller's, punk doinuak gustuko dituen Legazpiko talde berria
Urtebeteko ibilbidea du dagoeneko The Keller’s taldeak. Legazpiko bost musikariz osatuta, Subeltzan finkatuta dago eta kolektibo horren egunean joko du.
The Keller’s du izena Legazpin sortu duten azkenetariko musika taldeak. Herriko Gaztetxean egin zuen aurkezpena duela hilabete batzuk, eta beste bi emanaldi egin eta gero, larunbatean, herrian bertan joko dute, Subeltza egunean. Bost musikariak irrikan bezain urduri daude kontzertuari begira.
Eneko Altzelai eta Markel Paniego gitarra jotzaileak, Igor Puga abeslaria –gitarra ere jotzen du–, Xabi Galparsoro bateria jotzailea eta Unai Garitano baxu jotzailea dira The Keller’s.
Kuadrilla berekoak dira, 1997an jaiotakoak, eta musika asko gustatzen zaie gazte-gaztetatik. Batzuk musika eskolatik igaro dira, besteek bere kasa ikasi dute. Paniegok klarinetea jotzen ikasi zuen Doinuan, eta Big Band taldean ibili eta gero, gitarra klaseetara joaten hasi zen. Garitanok klarinetea ikasi zuen, eta Doinuako Big Bandetik eta Legazpi Musika Bandatik igaro ondoren, biak utzi, eta bere kabuz hasi zen baxua ikasten. Altzelaik, berriz, trikitia jotzen ikasi zuen lehenik, eta gero gitarra, berak bakarrik; Anker taldean jotzen du instrumentu hori. Puga ere bere kabuz hasi da gitarra ikasten. Galparsoro, azkenik, duela bi urte hasi zen jotzen bateria, anaiak zuena erabilita.
Punka oinarri
Taldea duela urte eta erdi osatu zuten, eta Gaztetxean garagardo batzuk hartzen ari zirela jarri zioten The Keller’s izena, eskutan zuten garagardo haren markari erreferentzia eginez. Gutxira, Subeltzan lortu zuten lekua lokal batean, eta orduan finkatu zuten proiektua, duela urtebete inguru. Aurtengo apirilean egin zuten aurkezpena publikoaren aurrean, Gaztetxean egindako kontzertu batean.
Bertsioak jotzen dituzte, punk-oi eta street punk estilokoak bereziki. 1980ko hamarkadako RIP eta Eskorbuto taldeen abestiak dira, gaztetan asko entzundakoak. Madrilgo Kaos Urbano edo Non Servium talde berriagoen bertsioak ere egiten dituzte. Hell Beer Boys, Arkada Social, Deskontrol, The Fridays Crew eta Never Surrender ere badituzte bertsionatutako taldeen artean, euskal punka, azken batean.
Aurrerago, musika eta abesti propioak sortzeko asmoa dute. Momentuz, martxa hartu nahi dute, eta disfrutatu.
Larunbaterako, ilusioz
Apirileko debutaren ondoren, San Ignazioko jaietan ere jo zuten uztailaren amaieran, txosnetan, publiko dezenteren aurrean, eta duela aste batzuk, Antzuolako Gaztetxean izan dira, publikoaren artean herriko jarraitzaile ugari zutela.
Larunbatean Subeltza Egunean egingo dutena, taldearen laugarren kontzertua izango da, eta ilusio handiarekin eta ardura gehiagorekin hartu dute. Azokan joko dute, 20:00etan.