Legazpiko energia komunitatea hasi da bazkideak biltzen
Internetez eman daiteke izena. Informazio bilerak egingo dituzte hilaren 26an eta 28an, eta udaletxean ere informazio gune bat egokituko dute.
TEK Legazpi energia komunitateak hasi du bazkideak biltzeko kanpaina, eta proiektu horretan parte hartu nahi duten bizilagunek eta merkatariek izena emateko epea ireki du udalak. Gaur goizean eman dute horren berri Oscar Valbuena arloko zinegotziak eta proiektuaren zuzendaritza eramango duen Edinor enpresako Josu Etxebarriak Irene Paredes futbol zelaian, Bikuña kiroldegia atzean dutela. Izan ere, kiroldegiko teilatuan instalatutako plaka fotovoltaikoek energia komunitate horretarako ekoitziko dute, Domingo Agirre ikastetxeko kantxan eta Brinkola-Telleriarteko CEIDAren eraikinean instalatutako direnekin batera.
Energia komunitateko bazkide egiteko https://www.comunidadenergeticalocal.eu/eu/proiektuak/legazpi/ webgunean eman behar ba izena, lau urratsetan. Besteak beste, argiaren fakturan datorren CUPS zenbakia, kontu korrontearen zenbakia, telefono mugikor baten zenbakia eta posta elektroniko bat eskatuko dituzte izena ematean.
Bazkide izateko 50 euroko ekarpena egin beharko da, eta gero hileko 8 euroko kuota ordaindu beharko da, eta egoera energetiko ahulean dauden familiei sarbidea erraztuko die udalak. Komunitateak 300-bat bazkide izango ditu.
TEk Legazpiri buruzko xehetasun gehiago datozen egunetan egingo dituzten bi hitzaldietan emango dizkiete herritarrei. Hilaren 26an egingo dute bat, 18:00etan, Gizarte Zentroan, eta hilaren 28an bestea, 18:00etan, Domingo Agirre eskolan. Udaletxean informazio gune bat ere egokituko dute.
Datorren urteko hasierarako
TEK Legazpi energia komunitatearen sorrera Legazpiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dute, eta Bilboko Edinor enpresa arduratuko da bere garapenaz eta kudeaketaz. Aldundiak 150.000 euro eman ditu proiektu honetarako, eta besteak beste, egin beharreko inbertsioetarako izango da dirua, tartean Domingo Agirreko eta CEIDAko plaka fotovoltaikoen instalaziorako, eta Bikuñan jarrita daudenen egokitzapenerako. Lanak hurrengo urtearen hasierarako amaituta egotea aurreikusten dute, eta energia komunitatea bi hilabetera martxan jarriko dute.
Valbuenak nabarmendu du Legazpiko Tokiko Energia Komunitatea «eredu bakarra» dela merkatuan, eta energia kontsumitzeko «modu eraginkorragoa eta jasangarriagoa» eskaintzen diela herritarrei, argindarraren faktura murriztearekin batera. Onura gehiago ere eskainiko dizkie, «adibidez, merkatuko argiaren tarifa onenak eskuratzea, edo % 100 energia berriztagarriaz gozatzeko aukera!». Eta hori guztia, etxebizitzan edo merkataritza establezimenduan obrarik egin gabe, instalazioak udalak utzitako hiru eraikin horietan egingo direlako.
Edinor enpresako Etxebarriak, bere aldetik, proiektua zortzi urtera finantzatuta egongo dela aurreratu du. Bestetik, jakinarazi du hilero ordaindu beharreko 8 euroko kuotaren truke, 0,50 kw jasoko dituela bazkideak, plaka batek ekoizten duenaren parekoa, edo Euskadiko batez besteko etxebizitza baten urteko kontsumoaren laurdena. Zortzi urteko epea igarota, “aukera egongo da kuota jaisteko, energia komunitateak egindako inbertsioa ordainduta egongo delako”.
Legazpi TEK hiru instalazio horiekin hasiko da, baina baliteke etorkizunean gehiago egitea herriko beste puntu batzuetan, eta Bikuña kiroldegikoan energia biltegiratzeko sistema jartzea, Domingo Agirreko kantxako teilatuan jarriko direnen antzekoa.