Ormazarretako zaldiak, zineman
Irati Gorostidiren 'Anekumen' filmerako kontratatu dituzte Lucera eta Jumento, eta bost egunetan Arabako Barrian egon dira, filmatze lanetan parte hartzen. Udan estreinatuko da pelikula.
Legazpiko eta inguruko jaietako danborradetan, armen alardean, Erregeen Kabalkadan, kaleko erakustaldietan… eta orain baita zineman ere. Ormazarreta zalditegiko zaldiak leku askotara joaten dira eta ekitaldi desberdinetan parte hartzen dute. Duela hilabete batzuk zinemarako ere deitu zituzten. Irati Gorostidiren Anekumen filmean agertuko dira.
Ormazarretako Marian Lasak ilusio handiz hartu du etxean bi aktore izatea. Lucera eta Jumento dira, emea eta kolore zurixkakoa lehena, eta arra eta marroia bigarrena. Horiekin batera, zalditegiko bi txakurtxo ere agertuko dira filmean, Toby eta Sol.
Bost eguneko filmazioa
Abuztutik dator istorioa. Azkeneko udetan bezala, aurten ere zaldi paseoak eskaini dituzte, eta leku askotatik etorritako jendea izan dute jarduera horretan parte hartzen: katalanak eta valentziarrak batez ere, Espainiako asko, baina baita italiarrak, frantziarrak, perutarrak, kolonbiarrak, alemaniarrak… ere. Abuztuko kanpaina horretan bete-betean zeudela, emakume batek deitu zien, Barrian (Araba), pelikula bat grabatzen ari zirela, eta bi zaldi behar zituztela esanez. «Zinemarako lan egiten ote genuen galdetu zidan, eta nik ezetz, baina prest geundela erantzun nion», gogoratu du Lasak.
Aurrekontua bidali zien, eta gutxira zaldiak ikustera etorri nahi zutela erantzun haiek. «Zaldi argalak behar zituztela esan zidaten, eta gureak ez dira argalegiak, egia esan, hemengo mendietan ibiltzeko indarra behar dutelako, eta jaten ondo ematen diegulako». Etorri ziren zalditegira, eta «casting baten modukoa egin zuten zaldien artean». Egun batzuetara berriz deitu zuten, eta probatu nahi zituztela esan zuten orduan. «Guk Lucera prestatu genien, oso behor lasaia. Inguruan buelta bat eman genuen, eta gurekin Toby txakurra etorri zen. Ikaragarri gustatu zitzaien».
Egun gutxitara baiezkoa jaso, eta esandako egunean, Barria aldera abiatu ziren legazpiarrak, Lucera eta Jumento hartuta, «justu danborrada guztietan parte hartzen dutenak», baita zalditegiko bi txakur txikiak ere. Hasieran zaldizkoak ere eskatu zituzten, gero aktoreak ibiliko zirela gainean esan zieten, baina azkenean, inor ez zen zaldietan ibili, sokatik eraman zituzten bakarrik. «Horretarako, erakutsi egin behar izan genien».
Bost eguneko filmatze lanak izan ziren, «nahiko nekagarriak, goizeko 5:00etan ateratzen ginelako Barriara joateko. Bi zaldi, bi txakur, Mariano nire senarra eta ni». Aldi berean, «ikaragarria izan zen guztia, zenbat jendek lan egiten duen ikustea, nola egiten duten lan… eta gu nola tratatu gintuzten, lantaldeko gainerako kideak bezala hartu gintuzten».
‘Anekumen’ filma
Anekumen filmeko errodajea amaitu dute, baina hurrengo urteko udara arte ezin izango da ikusi. Ordura arte itxaron beharko da Ormazarretako Lucera, Jumento, Toby eta Sol ikusteko.
Irati Gorostidiren lehen film luzea da, eta Nafarroako Lizason 1980ko hamarkadan sortu zen Arco Iris komunitatean oinarrituta dago.