Txillidaren Legazpiko langileek Ser irrati kateko bikaintasunaren saria jaso dute
Artea eta kultura ataleko aitortza jaso zuten, atzo iluntzean Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian. Eskultorearekin lan egin zuten langileetako zortzi izan ziren ekitaldian.
Eduardo Txillida eskultorearekin lan egin zuten legazpiarrek Ser irrati kateko Radio San Sebastianen Excelencia edo bikaintasunaren saria jaso zuten atzo, Donostiako Kursaalen egindako ekitaldi batean. Langile haietako zortzi joan ziren saria jasotzera: Abel, Claudio, Gregorio, Iñaki, Agustin, Gregorio, Juan Mari, Jose Mari eta Daniel. Ekitaldiaren amaieran Legazpiko alkatea Eric Galvez eta Lenbur Fundazioko ordezkariak gehitu zitzaizkien, argazkia ateratzeko.
Excelencia sariek Gipuzkoako gizartearentzako erreferente bihurtu diren lurralde bertako pertsonak, enpresak edo erakundeak saritzen eta aitortzen ditu. Aurtengoa sarien zazpigarren edizioa izan da.
Legazpiarrei egindako aitortza arte eta kulturaren atalekoa da, eta Txillidaren jaiotzearen mendeurrenean kokatzen da, zehazki, Gipuzkoan arteak eta industriak izan duen lotura omendu nahi izan dute. Sariaren aurkezpena esan zutenez, “Patrizio Etxeberriaren forja handiko langileek ezinbestekoak izan ziren Txillidaren hainbat eskultura monumental egiteko, besteak beste Haizearen Orrazia”. Langile haiek “gai izan ziren burdinaren maneiuan lantegiko mugak gainditzeko, eta eskultoreari artea egiten laguntzeko. Legatu horrek bizirik dirau Txillida Lantokian. Museo bihurtutako lantegi zahar horretan elkarrekin modu harmoniatsuan bizi dira artea eta lana”.
Saria jaso ondoren, Juan Mari Romaratezabalak hitz egin zuen saritutako langile guztien izenean, eta eskerrak emateaz gain, Txillidarekin lan egiteaz harro daudela esan zuen, eta Txillida Lantokia bisitatzera gonbidatu zuen publikoa.
Legazpiko langile ohiekin batera, saridun gehiago ere izan dira Excelencia sarien zazpigarren edizio honetan: ikerketaren alorrean, Euskadiko Parke Teknologiak Gipuzkoan duen egoitza; enpresaren alorrean, Ondarreta; kirolean, Donostia Arraun Lagunak; Musikan, Eresbil Musikaren Euskal Artxibategia; inpaktu sozialean, Gipuzkoako Odol Emaileak; gastronomian, Zelai Txiki; Euskaran, Etxepare Euskal Institutua; Humanitateen eta Komunikazioaren Iñaki Gabilondo saria, lehen emakumezko fotokazetaria izan zen Isabel Azkarate; eta entzuleriak emandako Laboral Kutxa saria, Altxa Burua ekimena.