Zientziaren astearen barruan, bi ekitaldi azaroaren 14an Goierriko Campusean
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Ordiziako Goierri Campusean eta Lorteken ikastaroa eta bisita antolatu ditu.
Zientziaren eta teknologiaren astea dela eta, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 11tik 15erako, DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko. Ordiziako Goierriko campusean, zehazki, bi saio egingo dituzte azaroaren 14an: batetik, unibertsitatean 3D fabrikazioko sistema eta prozesuen ikastaro bat eta Lortek zentro teknologikoa ezagutzeko bisita gidatua.
Ikastaroa 09:00etatik 11:00etara egingo da, eta ikastetxeek 3D fabrikazioko sistema eta prozesuek eskaintzen dituzten aukerak ezagutu ahal izango dituzte. Era berean, 3D piezak inprimatuko dituzte, bai eta diseinuaren kontzeptuak eta softwareak ere landuko dituzte.
Atsedenaren ondoren, 11:30etik 13:00etara, Lortek zentro teknologikora bisita gidatua egingo dute Batxilergoko lehen mailako ikasleek, hango instalazioak ezagutzeko.