«Beste ate batzuk irekitzen direnean, kontuan hartzen ditugu»
Malaysiako Johor Darul Ta’zim futbol taldeko atezaina da Andoni Zubiaurre. Asiako Txapeldunen Liga jokatzen ari da. Gustura dago hartutako erabakiarekin.
Andoni Zubiaurre Dorronsoro (Ordizia, 1996) futbol atezaina eliteko Asiako Txapeldunen Liga jokatzen ari da Malaysiako Johor Darul Ta’zim FC taldearekin. Ordizia, Antiguoko, Real Sociedad, Cultural Leonesa, Eldense eta Mirandes taldeetan jokatzen aritu ondoren, aurtengo udan, munduaren beste puntara, Malaysiara joatea erabaki dute, bi urterako. Azaroaren amaieran, guraso izango dira.
Realeko lehen taldearekin partidaren bat edo beste jokatu izan bazenuen ere, batez ere bigarren mailako taldeetan aritu zara. Espainiako Ligako lehenengo mailara iristea zaila dago?
Espainiako Liga munduko indartsuenetakoa da, eta oso zaila da lehenengo mailara iristea. Atezainen posizioan gainera oso toki mugatua dago, eta aukeren aldetik oso zaila da. Beste ate batzuk irekitzen direnean, kontuan hartzen ditugu eta esperientzia berri batzuk bizitzea tokatzen da.
Ordiziatik ia 11.000 kilometrora, Malaysiara joateko erabakia hartzea erraza izan al zen? Asko pentsatu behar izan al zenuten?
Pare bat buelta eman genizkion bai. Munduaren beste puntara gindoazen, asko ezagutzen ez genuen herrialde batera. Eta gainera, laster [azaro bukaeran] guraso izango gara. Medikuntza aldetik zalantza izan genuen, baina oso ondo hitz egin ziguten herrialdeari buruz eta bertako medikuntzari buruz. Azkenean animatu egin ginen.
Espainiako estatuko jokalari gehiago ere badaude?
Bai, badaude. Zazpi-zortzi bagara eta hitz egin genuen guztiek esan ziguten oso gustura zeudela, oso toki ona zela bizitzeko eta futbolean jokatzen jarraitzeko. Horrek ere animatu gintuen eta egia esanda, oso gustura gaude.
Kirol ikuspegitik, zer moduzko taldea da Johor Darul Ta’zim?
Malaysiako Superligako taldea da, lider doa. Dena den, ez naiz Superligan jokatzen ari, atzerritarren kupoa beteta dagoelako. Ni iritsi nintzenerako Liga hasita zegoen. Ia liga erdia jokatuta dago dagoeneko, eta aurten ez dut izango aukerarik jokatzeko. Baina Asiako Txapeldunen Liga jokatzen ari naiz. Egia esan, oso gustura nago. Liga baino potenteagoa da, beraz, pozik.
Zein herrialdeetako taldeen aurka jokatzen duzue?
Japonia, Txina, Australia, Thailandia eta Hego Koreako taldeen aurka jokatzen dugu. Txinako taldeak oso indartsuak izaten dira, Koreakoak eta Japoniakoak ere bai… Maila altua dago horietan. Thailandia eta Australian, maila baxuagoa dago.
Bizitzeko zer moduzko herrialdea da Malaysia?
Hezetasun handia eta tenperatura nahiko altua dago. Gu bizi garen tokia oso toki lasaia da, Singapurreko mugan gaude. Singapur oso-oso herrialde aurreratua da eta Malaysiari ere bere tankera eman nahi diote. Pixkanaka modernizatzen ari da. Egia esan, bizitzeko oso leku ona, oso gustura gaude.