Goierri-Donostia autobus-linea Legazpitik abiatzeko eskaera
Legazpiko EH Bilduk ez du ulertzen zergatik ez den planteatu Goierri eta Donostia lotuko dituen autobus-linea Legazpitik abiatzea. Udal gobernu taldeari eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundian eskaera egiteko.
Azaroaren 5ean Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Goierri eta Donostia egunero autobusez lotzeko aukera mahai gainean jarri zuen, Beasaingo alkate Leire Artola, Ordiziako alkatea Adur Ezenarro eta Zumarragako alkate Mikel Serranoren bildu ondoren. Autobusa Zumarragatik abiatuko da eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo ditu geldialdiak Donostiara iritsi aurretik. Legazpiko EH Bilduko kideek ez dute ulertzen autobus linea hori zergatik ez den Legazpitik abiatuko.
“Legazpitik Donostiara Zumarragatik, Beasaindik eta Tolosatik baino tren gutxiago abiatzen dira. Horri gehitu behar zaio murrizketak daudela aldiriko trenaren ordutegietan AHTaren Hernaniko lotunearen obren ondorioz, eta askotan trenak ez direla Legazpira iristen. Goierri- Donostia autobus linea Legazpitik irten eta Legazpin bukatuko balitz trenak dituen gabeziak apur bat estaliko lirateke. Horrez gain, autobusa Legazpitik abiatzeak ez luke bidaia luzatuko lehenengo eta azkeneko geltokia izango litzatekeelako”, adierazi du ohar bidez koalizioak.
Ulergaitza egiten zaie, Legazpiko alkatea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako batzordeko kidea izanik, “nola ez duen autobus linea hori Legazpitik ateratzea defendatu”. Era berean, harrigarria egin zaio Legazpiko EH Bilduri Mugikortasun diputatuak Beasaingo, Ordiziako eta Zumarragako alkateekin egindako bileran Legazpiko alkateak ez parte hartzea.